Hilaren 18an sinatuko dute Loiolako kuartelen eskualdatzea

Eneko Goia alkateak iragarri du Loiolako kuartelen eskualdatzea hilaren 18an sinatuko dutela udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak. Madrilen sinatuko dute eskualdatzea, Ministerioan bertan. Ordurako lehen bost milioiak ordainduta egon behar direla ere nabarmendu du alkateak —guztira 73 milioi euroko eragiketa da—.
Behin eskualdatzea sinatuta, gehienez ere sei hilabete izango dituzte bi aldeek notario aurrean lursaila udalaren izenean jartzeko. Une horretan egin beharko du udalak gainontzeko diru kopuruaren ordainketa.
Horretarako, alkateak adierazi du hirurogei milioi euro inguruko mailegua eskatuko duela, eta Ekonomia saila “buru-belarri” ari dela bankuekin traturik onena itxi nahian. Gainontzeko milioiak ordaintzeko 2022ko ekitaldiko likidazioaren zati bat erabiliko dute.