Isabel Verdini izango da 2024ko Urrezko Danborra
Isabel Verdini Carranza dantzari eta dantza irakaslearentzat izango da 2024ko Urrezko Danborra, Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hala erabakita. Udal taldeek aho batez hartu dute erabakia, “inklusioaren, prestakuntzaren eta dantzaren alde egindako lanagatik”, udalak jakinarazi duenez.
141 hautagaitzen artean aukeratu dute Verdini, eta, aho batez erabaki dutenez, zuzenean emango diote saria, San Sebastian egunean bertan (urtarrilak 20), udaletxeko udal batzar aretoan.
Verdinik (Donostia, 1971), 25 urte baino gehiago daramatza prestakuntza lanetan, eta bere irakaskuntza metodo propioa sortu du, Verdini Metodoa izenekoa. Dantzarako prestakuntza garaian bere iloba Haizea jaio zen, Downen sindromearekin. Horrek bere bizitza markatu zuen, eta horren harira sortu zuen Verdini Dantza Taldea, desgaitasuna duten pertsonen alde lan egiten duena; hain zuzen ere, sindrome hori duten pertsonek osatzen dute taldea.