Bultzadak Aitor Zabaletaren omenezko dokumentala argitaratuko du ostiralean
Dokumentalaz gain, manifestazioa antolatu dute ostiralerako, eta omenaldi bat egingo dute hurrengo astean.
Ostiralean (hilak 8) 25 urte beteko dira Ricardo Guerra ultraeskuindarrak Aitor Zabaleta realzale donostiarra labankadaz hil zuenetik, eta Bultzada Txuri Urdina taldeak hainbat egitasmo antolatu ditu urteurrenaren bueltan. “Ultren arteko liskar baten ondorio gisa saldu zena, euskaldunen aurkako eraso argia izan zen, faxismoaren beste biktima bat eta Bultzadak ez du hilketa hura ahanzturan geratzerik nahi”, nabarmendu du Bultzadak.
Egitasmorik esanguratsuena Zabaletaren erailketaren inguruan prestatu duten dokumentala da; sareetan zati batzuk argitaratu dituzte, baina ostiralean bertan argitaratuko dute osorik. “Oroimenari eutsi eta belaunaldi berrietara mezua zabaltzeko, 1998ko egun hura gertutik bizi zutenei hitza eman zaie. Ikus-entzunezko honek esparru askotarikoko pertsonen parte hartzea izan du, hala nola: Aitor Zabaletaren anaia, Izar Peñako kideak, jokalari ohiak, Amets Arzallus, Fermin Muguruza, eta abar”, azaldu du Bultzadak.
Bestalde, bi mobilizazio iragarri dituzte, biak Memoria dugulako, memoria garelako lelopean. Alde batetik, ostiralean, Aitor Zabaleta omentzeko eta faxismoa salatzeko manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Bulebarretik hasita eta bertan bukatuta. Bestetik, Realak hilaren 17an jokatuko du Anoetako hurrengo partida, Betisen aurka, eta aurretik omenaldia egingo diote Zabaletari, estadioaren kanpoaldean, 15:30ean. Bertsolariak, musikariak eta Zabaletaren lagun eta senide batzuk egongo dira omenaldian.