Plagioa ala antzekotasuna? Euskal kanten ustezko hainbat plagio jaso ditu Olatz Salvadorrek
Olatz Salvador musikariak bitxikeria bat sareratu zuen atzo iluntzean Instagram sare sozialean. Rauw Alejandro eta Chencho Corleone artisten Desesperados kantaren eta Hoferen eta Kiliki Frexkoren El Xokas kanten artean jiro melodiko bera atzeman zuela eta, ea nahita o nahi gabe izan zen galdetu zuen.
Sorpresa jarraian etorri zen; hainbat jarraitzailek euskal kantetan topatu daitezkeen plagioen –edo antzekotasun nabariegien– bilduma bidali ziotenean. Kilikiren melodian antzekoak diren nota batzuk ikusten baditugu ere, Salvadorrek partekatu zituen hurrengo kantetan antzekotasunak baino zertxobait gehiago topatu ditzakegu.
Plagioa direnik ezin baieztatu, askotan, hemen azaltzen diren artista batzuek noizbait onartu gisan, ustez plagiatutako taldea ez dutelako ezagutu ere egiten. Besteetan, ordea, antzekotasunak ebidenteegiak dira, kasualitate gisa izendatzeko.
Salvadorrek onartu zuen “asko flipatu” zuela jendearen ekarpenekin. Baina edonola, ondoko mezua zabaldu zuen: “Argitu nahi nuke hau bitxikeria baino ez dela, guztiok egiten ditugun gauzak direla, eta pentsatu nahi nuke nahi gabe gertatzen direla”. Beti ere, asmo onez egin zuela gogoratu zuen.
Hoferen El Xokas
Olatz Salvador bera ez da libratu antzekotasunez. Hona hemen Zea Maysen Oihu eta bere Ez garen gu kanten artekoa.
Ezpalak taldekoak eta Merina Grisekoak lagunak direla badakigu. Labur xamarra da melodia, baina antzekoa denik ezin uka.
Hau izan da Olatz Salvadorrek partekatutakoen artean, akaso, oihartzun handiena izan duena. Nork ez du ezagutzen Zea Maysen Kukutza kantaren riff mitikoa? Espero al zenuen The Killers taldearen estribillo batean topatzea riff berbera?
Dupla taldekoak izan dira rankingean protagonista. Residente eta Bad Bunnyren Bellacoso kantak antza handia du, bai, “Dan-dan-dan-dan Dantza gaua” kantu ezagunarekin.
Eta tira, kasu honetan, bertsiotik gertuago ez ote gauden…
Antzekoa gertatu da Mirua tolosarrekin. pinkpanteress artistaren zale direla onartu badute ere, kasu honetan, nabarmenegia da zaletasuna.
Ibil Bedikoen kasua da plagioaren eta antzekotasunaren arteko muga lausoa. Ibai Osinagak bi kantu hauen arteko antzekotasunak onartu arren, taldea kasik ez zuela entzun onartzen zuen eta. Subkontzientean geratzen dira batzuetan melodiak, auskalo…
Ezin zen Pello Reparaz faltatu zerrendan. Matthew Moleren kanta lasai honetako melodiak badu, bai Hegan kantaren antzik. Ezagutuko al zuten lehendik?
Esan bezala, batzuetan, eskuetatik joaten dira erreferentziak. En Todo el Sarmiento talde arabarraren kasuan… zer esanik ez!
Ikusten dugunez, lausoa da oinarritzearen eta kopiatzearen arteko muga batzuetan. Hamabi notekin, bestalde, normala da antzekotasunak edukitzea beste kantekin. Ziur irakurleari etorriko zaiola “antzekotasun” bat baino gehiago.