«Marka hobea egitea espero nuen»
Maratoia 2:34:06an korritu berri du Jon Arzubialdek (Gros, 1963). 60 urtetik gorakoen kategorian inoizko bigarren denborarik onena da hori. 2024ko irailean egin nahi duen ehun kilometroko proba du begiz jota dagoeneko: munduko errekorra lortzen saiatuko da.

Badira egun batzuk maratoia korritu zenuela. Nola errekuperatzen da gorputza horrelako pasada batetik?
Atsedenarekin. Astelehenean pixka bat korritzera irten nintzen, suabe, 30 minutu inguru. Asteartean masajistarenera joan nintzen, eta gero ja ostegunean berriro korri pixka bat egin nuen. Igandean ere hamar kilometro egin nituen, suabe. Aste honetan hasi naiz berriro serieak egiten, Anoetara etortzen.
Aurten, astebete behar izan dut errekuperatzeko. Iaz, adibidez, hain ondo bukatu nuen, segidan entrenatzen jarraitu nuela, baina aurten gehiago kostatu zait. Hanketako mina izan dut, axubetak.
Adinean aurrera joatea nabaritzen al da?
Egia esan, ez. Aurtengo mina deshidratazioagatik izan dela uste dugu, normalean edaten dudana baino ur gutxiago edan bainuen. Fresko egiten zuen eta ez neukan egarririk.
Bestela, noiz hasi zinen korrika?
Kirola betidanik egin dut. Txikitan futbolean aritzen nintzen, bizikleta ere asko gustatzen zitzaidan. Futbola utzi nuenean, korrika eta bizikleta uztartzen hasi nintzen, baina serioki berandu hasi nintzen korrika: 33 urterekin hasi nintzen Anoetara etortzen.
Eta lasterketatan parte hartzen?
Serio entrenatzen hasi aurretik ja parte hartzen nuen batzuetan, Behobia-Donostian, esaterako, eta ordurako dagoeneko hiru maratoi eginak nituen.
Gehienbat asfaltoan ibili zara?
Asfaltoan, pistan eta mendian. Mendia asko gustatzen zait, asko joaten naiz, eta entzun genuenean Zegama-Aizkorri mendi maratoiko lehen urtea antolatu behar zutela, parte hartzea erabaki nuen. Baina oso gaizki egin nuen, oso gorabeheratsua da, eta niretzat hori ez da batere ona. Ni ibilbide lauetan moldatzen naiz ondoen, erritmo bat jarri eta hor iraun, erresistentzia handia baitaukat.
Nola entrenatzen zara horrelako probetarako?
Astean hirutan etortzen naiz Anoetara entrenatzera: astearteetan, ostegunetan eta igandeetan. Eta gero beste bizpahiru egun nire kontura aritzen naiz, suabeago. Astero bospasei saio egin ohi ditut.
Elikadurari dagokionez, orain egunean behin baino ez dut jaten. Ez dut ez gosaltzen eta ez afaltzen. Eta bazkarian denetik jaten dut: barazkiak eta, horrekin batera, lekaleak edo arraina edo haragia; fruta asko ere bai. Lau bat urte daramatzat horrela, eta ja ohituta nago.
Eta nabaritu duzu alderik emaitzetan?
Ez. Egia esan, orain dela bost urte maratoian 2:38ren bueltan ibiltzen nintzen, hortik ezin jaitsi, eta ja 2020an zapatila berri hauekin 2:36 egin nuen [karbono zuntza duten zapatilak dira, goi mailako korrikalarien artean oso ohikoak], eta aurten ja 2:34. Nire ustez, zapatilen gauza da, eta ez elikadurarena.
Nike etxeak atera zituen lehendabizi, Nike Vaporfly modeloa, baina orain ja marka guztiek dituzte: Adidas, Asics, New Balance… Nire ustez, nekea beranduago azaltzen da, eta hurrengo egunean ere errekuperatuago zaude. Entrenamendu fuerteak ere horiekin egiten ditut, eta lasterketetarako modelo berdina erabiltzen dut, baina beste zapata pare bat.
«Ibilbide lauetan moldatzen naiz ondoen, erritmo bat jarri eta hor iraun, erresistentzia handia baitaukat»
Bueltatu gaitezen pasa den asteko lasterketara. Zer sentsazio zenituen?
Oso fuerte sentitu naiz entrenamenduetan, korritzeko gogo handiarekin. Eta lasterketan zehar oso gustura sentitu nintzen, 35. kilometrora arte. Hasi zitzaidan hemen [eskuin koadrizepsari heltzen dio] mina, karranpa antzekoak, deshidratazioagatik. Eta azkenerako ezin nituen hankak igo ere egin: min handia nuen, eta horregatik kosta zait hainbeste egindako esfortzua errekuperatzea.
Nik marka hobea egitea espero nuen: nire asmoa egin nuena baino minutu bat azkarrago egitea zen, 2:33tik jaistea.
Errekorrarena zertan geratu da?
Gertatzen dena da ofizialki jarrita dagoela 2:36, japoniar batek egin zuena, baina irlandar batek 2:30 egin zuen, baina ez diote onartu, eta ez dakigu zergatik. Baina niretzat berak du errekorra, nahiz eta ez dioten onartu. Europako federazioak onartu dio, baina mundukoak ez.
Banekien 2:30 ezinezkoa zela, baina nire asmoa bi marken artean geratzea zen, horren bila joan nintzen.
Esan ohi da Donostiako ibilbidea ez dela oso egokia markak egiteko.
Donostiako zirkuitua ona da korritzeko. Gertatzen dena da goi mailako jende gutxi dagoela. Orduan, marka onak nahi dituztenak kanpora joaten dira. Hemen korrituz gero, bakarrik korritzen dute, eta Berlinera edo beste leku batera joaten bazara, beti duzu taldetxo bat, eta horrek laguntzen du markak hobetzen, babestuago zoazelako. Baina nire kasuan, denbora orokorrak hartuta, hain marka ona ez denez, ez da beharrezkoa Berlinera edo Valentziara joatea. Donostiakoak baditu bira itxi samar batzuk, baina ez gehiegi.
Eta eguraldia ere aintzat hartzekoa izan daiteke. Aurreko igandean oso eguraldi ona egin zigun, baina beste urte batzuetan hotza, euria eta haizea eduki izan ditugu. Aldiz, hegoaldera joaten bazara eguraldia seguruagoa da.
Zein helburu dituzu aurrera begira?
Orain nire asmoa da hurrengo urtean ehun kilometroko proba on bat egitea, zazpi ordu eta erditik jaistea, eta hori bai izango litzatekeela munduko errekorra. Horrelako proba oso gutxi daude, eta niretzat onena Herbehereetan egiten da, irailaren bigarren asteburuan, eta agian hara joango gara, ikusiko dugu.
Asko aldatzen da prestaketa?
Ez. Agian kilometro batzuk gehiago sartu behar ditut, baina ez askoz gehiago. Orain, igandeetan kilometro asko egiten ditugu, 15 eta 30 inguru. Hau egiteko hiru orduko saioak egingo ditut, 42 kilometrokoak, eta luzeena agian 60 kilometrokoa.
Ez zara profesionala, eta ez daukazu babeslerik ere.
Ez, guk dena ordaindu behar dugu: izen ematea, bidaia, materiala, eta abar.
Zer ematen dizu korrika egiteak?
Poztasuna ematen dit. Entrenamendu bat egin eta gero, lagunekin egotean oso gustura sentitzen zara. Nagia beti dago, baina badakizu gero gustura geratuko zarela, eta horrek mugiarazten zaitu.
Beste zerbait gehitu nahi duzu?
Eskerrak eman nahi dizkiet maratoian lagundu zidatenei: Ibairi, Joni eta familiako guztiei, hor egon zirelako ni animatzen.