«Realzaleen babesa gure salbazioa izan da»
25 urte dira Aitor Zabaleta realzalea Madrilgo Vicente Calderon estadioaren inguruan hil zutela. 25 urte, familia eta ingurukoen memoria ez ezik, realzaleena ere labankadez belztu zutela. Urteurrenaren bueltan elkartu gara Iker Zabaletarekin Aratz Erretegian, anaiaren argazkia eta izena daraman plazatik 130 metrora. Zabaletarren lantokia da erretegia, baita familiaren babeslekua ere. 35 urte daramatzate Ibaetako sukaldean, eta horrek sostengatu ditu, hein batean, Aitorrek bete ezin daitekeen hutsunea utzi zuenetik.
Iker Zabaletaren begi urdinek dir-dir egiten dute egun hauetan, anaiaren heriotzaren pasarte latzenak gogora ekarri behar baititu behin eta berriz. Arnasa hartu du sakon, enegarrenez elkarrizketa bati aurre egin beharko diola jakinda. Beste urte batez, bueltan da «egun gogorra» eta bueltan dira elkarrizketak. Aurten, baina, «inoiz baino gehiago» dira, mende laurdena pasa delako .
25 urte pasatu dira abenduaren 8 horretatik. Nola igarotzen duzue egun hori?
Familia osoa elkartu eta Aizkorrira joaten gara urtero [Aratz mendian Aitorren omenez jarri zuten irudi bat], eta ondoren lanak uzten badigu, bazkari bat egiten dugu hemen, jatetxean. Orain, 25 urte bete dira, eta zenbaki potoloa denez, oroimen jarduera gehiago egiten dabiltza, baina guk egunero daramagu Aitor gurekin.
Nolanahi ere, realzale gazteenak ez ziren hemen orain dela 25 urte,eta bada garrantzitsua Aitor zein zen eta zer gertatu zen azaltzea, berriro gerta ez dadin.
Sinbolo gisa ezagutuko dute askok zure anaia. Baina, nolakoa zen Aitor?
Oso tipo fina, fenomeno bat. Hemen zebilen lanean, Aratzen, eta aldi berean UNEDen Zuzenbidea ikasten zebilen. Oso langilea zen, umoretsua eta lagunen oso laguna. Ez zuen sekula hutsik egiten.
Realarekiko zaletasuna gure aitonarengandik zetorkion, eta gaztetan liga onak tokatu zitzaizkionez, sekulakoa afizioa zuen. Beti joaten zen lagunekin edo neska lagunarekin.
Aitor gogoan izateaz gain, kontzientziazio lana egin duzue elkarrizketetan. Dolua kudeatzen lagundu dizue?
Ez bereziki, egun hauek oso gogorrak direlako guretzat, baina zabaldu beharreko mezua da, oraindik lan handia dagoelako egiteke. Guk epaiketa izan genuen momentutik bertatik ikusi genuen euskaldun bat hiltzea doan ateratzen dela. Dudarik gabe, gorroto eta biolentziak hor jarraitzen duela esan behar dugu ozen, gizarteak kontzientzia hori izan dezan.
Arrisku handiko partida gisa izendatzen dituzte egun norgehiagoka asko. Niretzat, arrisku handiko gune Zisjordaniak eta Gazak behar dute izan, eta ez futbol zelai batek. Hori normaltasunez hartzea lotsagarria iruditzen zait eta bistakoa da egoerak ere ez duela hobera egiten. Istilu latzak izaten dira maiz, eta telebistan partidaren jarraipena egiterakoan ez dute horren berri ematen. Hurrengo egunean, akaso, hiruzpalau irudi ateratzen dituzte gertatutakoarekin, eta ahaztu egiten da hurrengora arte. Duela gutxi, esaterako, Antiguako bizilagun bat eraso zuten Sorian, eta, bistakoa da, neurri zorrotzak hartu ezean, etengabe errepikatuko dela Aitorri gertatutakoa.
Hain zuzen, beti esan izan duzue Aitor izan zela egun hartako biktima, baina edonor izan zitekeela.
Hala delako. Aitor auzoko edozein bizilagun edo senide bat izan zitekeen. Partida bat ikustera joan, ondo pasatzera joan eta etxera ez itzultzea.
Jarraitzaileek eskubide osoa dute beren taldea edozein tokitan animatzeko, baina oraindik jendea beldurrarekin joaten da leku askotara, mehatxuak hor jarraitzen duelako.
Zure kasuan, izan al zara Madrilen geroztik?
Bai, baina ez dut oso gustuko, gertatu zenagatik beharbada. Nolanahi ere, madrildar askoren babesa jaso dugu, baita Atletiticoko jarraitzaileena ere. Jende asko beraien ultra taldeez nazkatuta dago, eta guk bezain beste gorroto dituzte estadioa zikintzen duten pertsona talde horiek.
Hilketaz geroztik, gainera, irainak, oihuak eta gorroto mezuak entzun dira Vicente Calderonen.
Egun, irain arrazistak eta bestelakoak entzun ondoren, segituan kluba eta taldea bera ateratzen da horren inguruan hizketan, azalpenak ematera edo eskatzera. Isunak ere jartzen dira, halakoak ez errepikatzeko. Guk, ordea, urte luzeetan entzun behar izan ditugu oihu horiek eta ez da sekula ezer egin. Argi utzi beharko genuke ez zirela bat edo bi, milaka lagun egon direla urte luzean halako astakeriak esaten estadio horretan.
Eta zein da horren erantzule?
Atletico Madril, inolako zalantzarik gabe. Baina klubaren gainetik dauden erakundeek ere neurriak hartu behar zituzten aspaldi. Era berean, gure gizarteko politikariek ere eskua sartu behar zuten hor, industria gisa, kirola ere erakundeen barnean baitago. Ez dakit zer nolako interesak egon daitezkeen hor, ekonomikoez harago, baina ez da apenas ezer egin.
Sinbolo batzuk galarazi ditu Atletico Madrilek, baina ez du Frente Atletiko kanporatu, Real Madrilek edo Bartzelonak, Ultras Sur edo Boixos Nois taldeekin egin zuten moduan. Kanporaketa horrek lagunduko lukeela uste duzu?
Klubak derrigorrez hartu behar ditu neurri horiek, eta hartu ezean, legea baliatu behar dute horretarako. Egun, oso erraza da zein motatako jendea duzun eta zein ikur daramatzaten jakitea. Jendea inoiz baino errazago fitxatzen da, eta klubak gainerako zaleak zaindu behar ditu.
Bitxia da, kontaktu handiagoa duten kiroletan, errugbia edo boxeoan , ez delako halakorik gertatzen. Badirudi futbolean bidea ematen zaiola, eta normaltasunez barneratu direla jarrera horiek.
Aitorren hilketaren harira gizon bat espetxeratu zuten, Ricardo Guerra. Justizia egin dela esango zenuke?
Ez dugu justiziarik izan. Argi dago ez zela bakarra izan egun hartan, eta talde antolatu bat zela. Epaiketa oso kutrea izan zen, lotsagarria. Hiltzailea eta lekukoak ate berdinetik sartzen ziren, eta familiarentzat ere oso gogorra izan zen. Gainera Madrilera joan behar izan ginen, jende askoren antzera, beldurrarekin. Bertan, barrezka eta larderiaz ari zen hiltzailea, inolako damu zantzurik erakutsi gabe.
Indemnizaziorik ere ez duzue jaso oraindik, ezta?
Ez dugu zentimorik jaso. Estatuaren zaintzapean zegoen Guerra Aitor hil zuenean, baimen batekin, baina estatua ere ez da arduratu. Alde guztietatik doan atera zaie, eta familia bakarrik utzi dute. Madrilgo bidaiak eta Aitorren alde antolatutako guztia gure poltsikotik edo jendearen borondatetik atera da.
Gainerako realzaleen babesa ere izan duzue urte hauetan guztietan.
Hori sekulakoa izan da, gure salbazioa. Ezin dut hitzekin esan zenbat lagundu digun jendearen babesak. Jarraitzaile eta jarraitzaile ez direnen maitasuna eta laguntza jaso dugula esan dezakegu, kluba, jokalari eta afizioaz gain, kaleko jendea buru-belarri ibili baita familia babesten. Guztiek gertuko sentitu dute Aitor: beraien laguna, beraien semea edo beraien anaia balitz bezala.
Duela bost urtetik, gainera, harmaila batek bere izena darama.
Familiarentzat izugarria izan da hori, ohore bat, Aitor gurean geldituko delako betirako. Nire alaba bertan sartzen saiatu zen arren, ez dugu eserlekurik harmaila horretan. Berandu ibili ginen, eta segituan agortu ziren eserleku guztiak. Edonola ere, nire kasuan, ezin dut nahiko nukeen beste joan lanagatik.
Aitorrek ondare garrantzitsua utzi du datozen belaunaldiei?
Zalantzarik gabe, bere zaletasunak harmaila horretan jarraituko du. Nolanahi ere, etorkizunean, jendeak edozein zelaietan gozatzeko aukera izan dezala nahiko nuke, eta realzaleen afizioaren giro onak berdin jarrai dezala. Gure afizioa, eredu gisa hartzen dute Europan, eta toki guztietako ateak irekitzen dizkigute, jatera, edatera eta gozatzera goazelako. Ondo pasatzera, finean, hori beharko lukeelako futbolarekiko izan izan beharko genukeen kezka bakarra.