Pepi Berasategik bere aitaren gorpuzkiak berreskuratu ditu, 87 urteren ostean
Pepi Berasategik (Antigua, 1935) 36ko gerran fusilatutako bere aita Hipolito Berasategiren gorpuzkiak berreskuratu ditu gaur udaletxean egin duten ekitaldi batean. Bete egin da pleno aretoa, eta bertan izan dira Pepi Berasategiren senitartekoak, udal ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako eta Gogora institutuko kideak eta baita hainbat herritar ere.
Ekitaldia hasi baino lehen, aitaren gorpuzkiak zeuden kutxaren gainean ikurrina bat jarri du Pepik, haren iloba txiki Adur Tolosaren laguntzaz. Ondoren, Ez nau izutzen negu hurbilak kantuarekin eman diote hasiera ekitaldiari, eta Eneko Goia alkateak hartu du hitza jarraian. “Duela egun gutxi berri on bat izan genuen; aita azaldu zitzaizun Oiartzunen. Benetan, horrek hunkitzen gaitu, bide luze baten ondoren eta urte luzeen ondoren, azkenean aita topatu izana”, esan dio Berasategiri.
Izan ere, Hipolito Berasategi Alcalde (Burgos, Espainia) Donostian bizi zen, eta 36ko gerrako lehenengo hilabeteetan, frankistek atxilotu eta fusilatu egin zuten. Oiartzunen agertu dira desagertuta zeuden bere gorpuzkiak, Iragorri inguruko hobi komun batetik ateratako gorpuzkien artean. “Hobi horretatik hezur guztiak atera genituen, eta konturatu ginen, behintzat, hogei pertsona baino gehiagoren hezurrak zeudela. Eta horretarako, hezur adierazgarriena femurra izan zen. Bertatik atera genituen laginak, eta lagin horiek balio izan digute DNA egiteko. Hori egiteko, oso garrantzitsua da DNA bankuetan jendearen laginak izatea, aurkitutako hezurrekin loturak egin ahal izateko”, azaldu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek.
Jarraian, aitaren gorpuzkiak eman dizkiote erabat hunkituta zegoen Pepi Berasategiri, eta aurreskua dantzatu diote jarraian. Ondoren, Adur Tolosak egin ditu adierazpenak familiaren izenean: “Belaunaldiz belaunaldi transmititu zaigu gure birraitonari gertatutakoa. Gezurra dirudien arren, nahiz eta lotura emozional zuzena ez eduki gure birraitonarekin, guk ere bagenuen min hori gure barruan, atera ezinda egon dena denbora askoz: eguneroko pasarteak izebarekin kafe baten bueltan, negar malkoak bere begietan, etsipena agerikoa jada, esperantza guztiz galduta baitzuen. Hau ez da mirari bat izan; izebaren etengabeko borrokak ahalbidetu du”.
Eta egun berezi honetan, Berasategiren zorionez betetako hitzekin eman diote amaiera ekitaldi horri: “Eskerrik asko denei, korporazio guztiei eta Oiartzungo herriari ere bai bereziki, aita bertan azaldu baita. Orain ea beste batzuk ere azaltzen diren. Borrokan aurrera jarraitu behar da, bestela ez dago gauza onik. Eskerrik asko!”.