Garaipenak gutxigatik egin dio ihes Ibaeta Basketi
Ibaeta Basketek partida zaila zuen igandean, ligako bigarren sailkatu Zaragozaren etxean jokatu baitzuen. Erronka handia zen —ligako seigarrenak dira donostiarrak—, baina Azu Muguruzaren taldea bukaerara arte gogor borrokatu zen, eta gertu izan zuen garaipena. Partidako tarte askotan zehar nagusi izan ziren donostiarrak, baina azken laurdenean aurrea hartu zuten etxekoek, eta distantzia murriztu bazuten ere, garaipena etxean gelditu zen, puntu batengatik: 66-65.
Bestalde, saskibaloiarekin jarraituz, Gipuzkoa Basketek Coruña hartu zuen etxean, eta 84-91 galdu zuen. Galiziarrak aurkari zuzenak dira Gipuzkoa Basketentzat, ligako laugarrenak baitira Coruñakoak, eta bosgarrenak donostiarrak. Horrela, Gipuzkoa Basketek gogor borrokatu beharko du hurrengo jardunaldietan, goiko postuetan jarraitzeko.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek joan den asteko porrotaren aho zapore txarra kendu zuten larunbatean, Huarteren etxean 1-2 irabazita. Horrela, joan den astekoa salbuespena izan zela erakutsi dute, eta sendo jarraitzen dute ligako lidergoan. Mutilek, aldiz, 3-2 galdu zuten Majadahondaren etxean, eta ligako laugarren postuan jarraitzen dute.
Futbolean, Realeko neskek 1-2 irabazi zuten Sporting Huelvaren etxean, eta ligako sailkapeneko erdialdean iltzatuta jarraitzen dute. Mutilei dagokienez, erraztasunez irabazi zioten Vila-reali etxetik kanpo, 0-3; garaipena Aitor Zabaletari eskaini zioten, ostiralean 25 urte bete baitziren hil zutenetik.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Casademont Zaragoza 66 — Ibaeta Basket 65
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 12. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 84 — Coruña 91
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Huarte 1 — Txuri Urdin 2
Gizonezkoen liga, 12. jardunaldia
- Majadahonda 3 — Txuri Urdin 2
Futbola
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Sporting Huelva 1 — Reala 2
Gizonezkoen liga, 16. jardunaldia
- Vila-real 0 — Reala 3