Intxaurrondoko Irurak taberna urte amaieran itxiko dute, eta ostiralean egingo dute agur festa
Intxaurrondoko Irurak taberna ezagunak mende erdiko ibilbideari amaiera emango dio urte amaieran, erretiroa hartuko baitu arduradunak. Hain zuzen ere, abenduaren 31n itxiko du taberna, eta, beraz, Urtezahar eguneko poteoa izango da Irurakeko azkena. Ordea, horren aurretik egingo dute agur festa, ostiral honetan izango baita, hilaren 15ean, 19:00etan.
1974ko maiatzaren 15ean ireki zuten Irurak, izen bera duen kaleko 14. zenbakian, eta zona horretako taberna bakarra da egun. Besteak beste, urte luzez tabernan izandako loroarengatik eta duen bermut eskaintza zabalarengatik da auzoan ezaguna, eta auzokide ugarik bete ohi dute tabernako terraza, astean zehar zein asteburuetan.
Hain zuzen ere, ohiko bezeroei bidalitako mezu batean, agur festara gonbidatzeaz gain, urte hauengatik guztiengatik “eskerrak” eman dizkie arduradunak.