'Palestina gure doinuetan' ekitaldia egingo dute Intxaurrondo Kultur Etxean
Abenduaren 15ean, UNRWA Euskadik, Gipuzkoako bi ikastetxerekin eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolarekin batera, Palestina gure doinuetan izeneko ekitaldia antolatu du, musika eta podcast-a uztartzen dituena. Ekitaldia Intxaurrondoko Kultur Etxean izango da, 18:00etan.
Ekitaldi horretan, Zarauzko Lizardi BHIko eta Villabonako Erniobea BHIko ikasleek egindako podcast-ak entzungo dira. Halaber, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Atotxako Big Combo, Gazte Banda eta Gazte Orkestrak musika ukitu bat emango diote ekitaldiari, eskolako irakasleek proiektuaren esparruan sortu duten Palestinari buruzko abesti bat interpretatuz.
Ane Zuazubiskar kazetariak dinamizatuko duen saio berezi horretan, proiektuan parte hartu duten pertsonen lana ezagutzeaz gain, Mohammad Farajallah ekintzaile palestinarraren partaidetzari esker, lehen pertsonan ezagutu ahal izango da Palestinako errealitatea. Ekitaldia doakoa da, eta sarrerak hemen eskuratu daitezke.
Ekitaldi hau UNRWA Euskadik azken hilabeteetan garatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako Sintoniza Palestina: Giza eskubideen alde eta Palestinako errefuxiatuen eta Garapen Jasangarriko Helburuen aurrerapenaren alde mobilizatuz proiektuaren barruan kokatzen da. Palestinako errefuxiatuen egoeratik abiatuta, gipuzkoarrek Giza Eskubideen inguruan duten kontzientzia kritikoa eta mobilizazio-gaitasuna indartzea du helburu.