Sendatze prozesu baten emaitza da Izaroren 'cerodenero' lan berria
Duela hiru urte, Limones de invierno diskoa argitaratu ondoren, Izaro Andresen bizitza pertsonala eta profesionala erabat aldatu zen. “Eten bat” behar izan zuen, “sendatzeko”. Sare sozialetatik urte sabatikoa hartu, eta sorkuntzan zentratu zen. Prozesu horren emaitza emozioen mendi baten modura islatu du cerodenero lan berria. 30 minutuko “bideoklipazo” eta guzti aurkeztu du Durangoko Azoka.
Hain zuzen, “autojustiziako eta goi-mendiko diskoa”dela azaldu du Izarok berak. Aurtengo otsaila eta martxoan grabatu du diskoa, eta bideoklipa udaran, Jaiotz Osa dantzariaren koreografiekin eta Ander Merino eta Claudia Chocarroren gidaritzapean. Diskoko ia kanta guztiak ikus daitezke, segidan, bideo bakarra izango balira moduan.
Mendiaren metafora erabili du Izarok, hasierako amorrutik baretasunera egindako bidaia delako diskoa. Horretarako, inoiz baino soinu elektroniko gehiago erabili ditu, energiaz beterik igotzeko, eta aurrera egin ahala, instrumentazio beroagoa erabili du.
Disko aurkezpen bira anbiziotsua egingo du Izarok. Donostian, urtarrilaren 3an eta 4ean arituko da Kursaalean, eta, jada, kasik sarrera guztiak agortu ditu.