Udaltzaingoaren komisariordetza berria Herrerako Zardoya-Otis eremuan jartzea aztertzen ari da udala
Donostiako Udal Gobernuak bi polizia etxe gehiago jarri nahi ditu hirian legealdi honetan, bat Ekialdeko Barrutian eta beste bat Egian, eta Ekialdeko Barrutiarenekoari buruz hitz egin du Martin Ibabe Segurtasun zinegotzi delegatuak, astelehen goizean udaletxean egin duten Zerbitzu Orokorretako Batzordean.
El Diario Vasco egunkariak jasotako informazioaren arabera, Ibabek azaldu du hainbat kokaleku aztertzen ari direla Ekialdeko Barrutian jarri nahi duten Udaltzaingoaren komisariordetzarentzat, baina Herrerako Zardoya-Otis eremuan (Jolastokieta) egin nahi duten hirigintza garapena izan daitekeela aproposena, Altzarekin, Herrerarekin, Mirakruz gainarekin, Bidebietarekin eta Intxaurrondo Zaharrarekin ondo lotuta dagoela iritzita. Era berean, eraikitzen ari diren Marrutxipiko lotunearen bidez datozen urteotan Hego Intxaurrondorekin ere ondo lotuta egongo dela esan du zinegotziak, aipatu hedabideak jaso duenez. Borja Corominas PPko bozeramaileari erantzunez eman ditu azalpenak Ibabek.
Gogoratu behar da industriala izandako Herrerako eremu degradatu horretan 380 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dutela —gobernu programan zein HAPOaren aurrerakinean jasota dago—, nahiz eta Herrerako eta Altzako bizilagun ugari aurka mobilizatzen ari diren, Herripe auzo elkartea buru. Hain zuzen ere, auzoak espazio libreak eta bestelako ekipamenduak behar dituela aldarrikatzen ari dira bizilagunak eta zenbait eragile, eta ez etxebizitza gehiago. Ildo horretatik, Altza XXI elkarteak eskatutako ikerketa batek berriki ondorioztatu du Altzan 1,78 metro koadro espazio libre daudela biztanleko, Osasunaren Mundu Erakundeak 10-15 metro koadro gomendatzen dituen bitartean.
Vocento taldeko hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, komisariordetza legealdi honetan (2023-2027) irekiko dute, eta Udaltzaingoaren plantillaren handitzea ekarriko du. Bestalde, Egian Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren egoitza misto bat irekitzea aurreikusten du udal gobernuak. Ibabek esan du oraindik ez dutela kokaleku zehatza erabaki, baina argitu du Norteko geltokiaren edo Federico Garcia Lorca pasealekuaren inguruan egongo dela.