Gure Ahotsak zikloa bueltan izango da 2024ko martxoan

Bueltan da emakume musikariei ahotsa eta plaza ematen dien ekitaldia, eta hilabete batzuk barru beste bost kontzertuez gozatzeko aukera izango dute donostiarrek. 2019an abiatu zuen Donostia Kulturak Gure Ahotsak zikloa, eta 2023an egun bakarreko kontzertua izatetik, bost eguneko egitarau izatera pasa dute. Egitarau zabalak, baina, berritasun izateari utziko dio 2024ko edizio berrian ere formula errepikatuko baitutute antolatzaileek. Hala, martxoaren 1etik 7ra Idoia Asurmendi, Neomak, Merina Gris, Laura Sam y Juan Escribano eta Queralt Lahoz izango dira Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko oholtzetan.
Sarrerak bihar jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eskuragarri egoteaz gain, donostiakultura.eus webgunearen bitartez erosi ahal izango dira. Zikloko hiru kontzertutarako edo gehiagorako sarrerak erosten dituztenek %10eko deskontua izango dute, antolatzaileek adierazi dutenez, eta Donostia Kulturako bazkideentzako ohiko %10eko deskontuarekin bateragarria izango da.
Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak. Aurtengoa, laugarren edizioa den arren, artista mordoa igaro da ziklotik: besteak beste, Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setién, Izaro, Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren, Belako, La Basu, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ainara Legardon, Miren, Verde Prato, edo Eneritz Furya izan dira aurretik.