Haur eta gazteentzako 400 jarduera inguru antolatu dituzte Eguberrietarako

Gabonak Zuretzat programa bueltan da beste urtebetez hiriko auzoetan aisialdi ez kontsumistaz gozatzeko. Aurtengo edizioak 400 jarduera ludiko eta kultural baino gehiago eskainiko ditu hau eta gazteentzat abenduaren 16tik urtarrilaren 5era bitarte. Askotariko jarduerez osatutako egitaraua da eta besteak beste, tailer, ikuskizun eta antzezlanez gozatu ahal izango dute donostiarrek hainbat auzoetan.
Haurrentzako programa
Haurrentzako programa (0-11 urte) hiriko hamazazpi auzotara zabaltzen da eta hainbat jarduera eskainiko ditu, haurren aisialdian jarduera dibertigarri eta didaktikoekin betetzeko. Hala, tailerrak eskainiko dira (sukaldaritza, zirkua, Gabonetako apaingarriak, etab.), baita filmen proiekzioak, eta emanaldiak ere (ipuin kontalariak, dantza, antzerkia).
Jarduera gehienak irekiak izango diren arren, batzuetan nahitaezkoa izango da aurretik izena ematea. Hala, izena eman beharko da besteak beste, Pio Barojan eskainiko den eskalada tailerrerako, Igeldoko Itsas Aurre kultur etxean eskainiko den astronomia tailerrerako eta Itsas Kodradian egingo den arrantzari buruzko tailerrerako. Era berean, Gabonekin lotura handiagoa duten jarduerez ere gozatu ahal izango dute, izan ere, Mari Domingiren bisita izango dute haurtxokoetan eta abenduaren 24an, 16:00etan, 4 eta 13 urte bitarteko haurrek San Silvestre txikian parte hartu ahal izango dute, Amara Kirol elkarteak antolatuta.
Gazteen programa
Etxeko txikienek ez ezik, gazteek ere izango dute euren egitarau berezia eta gaztelekuetan LH6tik aurrerako gazteentzako eskaintza berezia prestatu da. Ohiko Gabonetako jarduerez gain (gabon sukaldaritzak, apainketa, filmak, eskulanak, mahai jolasak…), egitasmo bereziak ere izango dituzte edizio honetan: besteak beste, eskapismo tailerrak, Scooter freestyle tailerra, errealitate birtualeko tailerra, dantza saioa, magia saioa eta adimen artifizialeko tailerrak antolatu dira hainbat auzotan.
Era berean, Donostia Gazteriak jarduera bereziak eta doako tailerrak antolatu ditu, hala nola “Gabon Gazte Txef” Basque Culinary Centerrn, Escape Street Gros eta Parte Zaharreko kaleetan zehar, Robotika tailerrak edo eskalada esaterako.
Egitarua osorik eta jarudera berezietarako izen ematea udalaren webguneko gazteriaren atalean aurki daiteke.