Malagaren aurka jokatuko du Realak kopan

Inter Milanen aurka ordu batzuk barru jokatuko duen partidan zentratuta dago Reala, baina begi bat Las Rozasen (Madril, Espainia) jarrita eduki dute eguerdian, Espainiako Kopako final-hamaseirenetako zozketa egin baitute. Horrela, txuri-urdinek badakite zein izango den bere aurkaria: Malaga Espainiako Lehenengo Federazio Mailako talde andaluziarra.
Kopan ohikoa den moduan, kategoria baxuenean jokatzen duen taldearen etxean jokatuko da kanporaketa, kasu honetan Malagaren etxean, partida bakarrera. Oraindik ez dituzte datak eta ordutegiak zehaztu, baina urtarrilaren 6an edo 7an izango da partida.
Orain arte, kopako bi kanporaketa jokatu dituzte donostiarrek, Espainiako Bigarren Federazio Mailako Buñol eta Andratx taldeen aurka. Biak gainditu ditu Realak, biak 0-1 irabazita.