Milanera lidergoaren bila

Txapeldunen Ligako multzoen fasean orain arte egindakoa borobiltzeko ordua da Realarentzat. Aurtengo txapelketako ezusteko handienetako bat izan da Reala, jokatutako bost partidetan erakutsitako maila handiarengatik eta Inter Milanen moduko talde handi baten aurka parez pare jokatzeagatik (eta hobeto jokatzeagatik). Bada, Milangoekin berdinduta iritsi dira donostiarrak multzoen faseko azken jardunaldira: D multzoko liderrak dira txuri-urdinak, hamaika punturekin, eta atzetik dituzte italiarrak, puntu kopuru berarekin. Gaur (hilak 12) jokatuko dute multzoen faseko azken neurketa, Inter Milanen etxean, 21:00etan.
Horrela, final-zortzirenetarako sailkapena ziurtatuta dauka Imanol Alguacilen taldeak, baina ez da gauza bera multzoko lider gisa sailkatzea ala bigarren gisa sailkatzea. Izan ere, liderrak beste multzoren bateko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du final-zortzirenetan, eta bigarrenak alderantziz. Lehenengo gisa sailkatzeko, Inter Milanen etxean berdindu edo irabazi egin beharko du Realak, bi emaitza horiek balio diote; galduz gero, bigarren izango da. Realak joaneko partidan erakutsi zuen hiru aldiz Europako txapeldun izan den taldeari irabazteko gai dela, aurretik joan baitzen partidaren zati handi batean, nagusi izan zen eta berdinketarekin konformatu behar izan zuen, irabaztea merezi izan bazuen ere.
Hobe lider gisa sailkatzea, talde handienen aurka ahalik eta beranduen jokatzeko. Izan ere, talde handiak daude beste multzoetako lidergoetan: Bayern Munich, Borussia Dortmund, Manchester City eta Arsenal; Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril ere euren multzoetako liderrak dira, baina final-zortzirenetako zozketan ezin dituzte liga bereko taldeak parekatu. Aldiz, Copenhague, PSV, Napoli, Lazio, PSG, Leipzig eta Porto daude, talde handiak horiek ere, baina, oro har, Realaren maila bertsuagoa dutenak.
Bajak eta hamaikako posibleak
Baja garrantzitsuak ditu Alguacilek partida honi begira: Barrenetxea, Cho, Brais eta, segur aski, Zubeldia. Aldiz, Oiartzabal kapitaina bueltan da, eta aurreikusi daiteke hamaikako hau zelairatuko duela Orioko entrenatzaileak: Remiro; Traore, Le Normand, Aritz eta Aihen; Zubimendi, Merino (txartel horia ikusiz gero hurrengo partida galduko luke) eta Zakharyan; Take, Oiartzabal eta soilik gol ikusgarriak sartzen dakien Sadiq. Hala ere, Turrientes eta Carlos Fernandez edo Andre Silva ere sartu daitezke hamaikakoan, Zakharyanen eta Sadiqen ordez.
Bestalde, Inter Milanek hamaikako hau aterako duela aurreikusi daiteke: Sommer; Acerbi, Bastoni eta Bisseck; Darmian, Barella, Calhanoglu, Frattesi eta Dimarco; Thuram eta Lautaro. Talde handi bat izango du aurrean, beraz, Realak, baina Inter Milanek aurrean izango duena ez ere ez da txikia, eta Milanera joan diren 3.000 bat realzaleren babesa izango dute txuri-urdinek. Joanekoan egin zuten moduan, izarren pare jokatzeko ordua da.