Sormenezko asteburua egingo dute Tabakaleran

Abenduaren 15ean eta 16an, Tabakalerak ateak irekiko ditu sorkuntzari ematen dion babesa ezagutarazteko. Bi egunetan zehar, interesa duen edonork kultura garaikidearen zentroko txokoak arakatu, Artisten Gunea ezagutu eta diseinatutako jarduera ugaritan murgildu ahal izango du.
Erakusketak, sormen tailerrak, tokiko eta nazioarteko artistekin solasaldiak, zuzeneko ikuskizunak eta askoz gehiago izango dira asteburuan.
Asteburuko egitaraua
Egun horietan, Tabakalerako 3. solairua artea maite dutenak, moda jasangarriaren sortzaileak eta zaleak erakarriko dituen ekitaldien epizentroa izango da.
Lehenengo jardunaldia Artisten Gunean hasiko da, Tabakalerako egoiliarrak urte osoan zehar hartzen dituen gunea. Bi egunez zabalik egongo da jendearentzat, Marc Vives, Marta van Tartwijk, Ines Camara Leret, Susana San Jose, Sequoia Barnes eta Ane Zelaia, estudioetara bisitak egin ahal izateko.
Abenduaren 16an, Tabakalerako ikus-entzunezkoen laborategiak sustatutako Noka eta Ikusmira Berriak ikus-entzunezko programen bi parte hartzailek eta EQZEko ikasle ohiek, Marina Palaciok eta Maria Ines Gonçalvesek, beren lanen muntatzaile Gerard Borrasekin batera, euren sormen prozesuetako guztiekin.
Hirugarren solairuko beste gune batean, Eginzaleak herritarren sorkuntzarako topaketa egingo da. Bertan, Medialaben urtean zehar egindako lana ezagutu ahal izango da, bai eta jasangarritasunaren eta berrerabileraren inguruan jarduten diren sortzaile gonbidatu gehiagorena ere, arteari eta ehungintzari arreta berezia eskainiz. Egunean zehar, jendearentzako jarduera programa bat eskainiko da, jantzien eta ehunen konponketa, berrerabilera, estanpazioa, estilismoak eta osagarriak sortzea eta kustomizazioa ardatz hartuta. Artista gonbidatuak hauek izango dira: Sandra Linio, Clara Virgili, Jaione Anzola – Anti Anzola, Aritz de la Hera, Puntada Bastarda, Ane Baztarrika, Valeria Irisarri, Urtzi Urkixo (Voltaire Lab), Kika Merino, Julene Gregorio eta Markel Gonzalez.
Era berean, 16:00etan, Ane Arana sortzaileak tailerra eskainiko du, kirol kamisetekin kortseak egiteko. Kamiseta horiek berrerabiliz, sormena eta iraunkortasuna sustatu nahi dira jantzien diseinuan, teknika sinpleak eta oinarrizko materialak erabiliz. Arratsaldean, Alex Hug izango da Topak denontzat tailerraren buru. Bertan, jantziak ekoiztean botatzen diren oihalezko txatalak berrerabiliko dira. Zati horiek modako makineriarako txikiegiak dira, eta zabortegietara ez joateko bigarren aukera bat eskaintzen diegu. Bi tailerretan parte hartzeko, Tabakaleraren webgunean izena eman beharko da.
Jardunaldia itxi aurretik, Betile Crocanti Medialabeko taldeak, modu kolektiboan joskintzaren bidez lan egiten duenak eta hondakinarekiko zein gainerakoekiko alternatibak bilatzen dituenak, ikus-entzunezko esperientzia paregabea eskainiko du.
Sarrera librea da, eta informazio osoa Tabakaleraren webgunean eskuratu dezakezue.