Udala eta Abuztuak 31 kaleko 28. zenbakiko bizilagunak arratsaldean bilduko dira

Donostiako Udalak ostatu eman zien atzo Parte Zaharreko Abuztuak 31 kaleko 28. zenbakiko hamazazpi bizilaguni hiriko hotel batean —atari horretako gainontzekoek senide edo lagunen etxean pasatu dute gaua—, Senra jatetxeko sukaldean piztutako suteen eraginez. Hasieran, 26. zenbakiko bizilagunak ere etxetik aterarazi zituzten, baina gaua etxean pasatu ahal izan dute horiek. Udalak jakinarazi duenez, Udaltzaingoak ikerketa hasi du sutearen arrazoiak argitzeko, eta udal arkitektoa eraikinean egon da goizean, egoera aztertzen.
Horrela, arkitektoak eraikinaren egoeraren txostena egingo du, eta txosten horretan eskatuko du “bizilagunak euren etxebizitzetara berme guztiekin itzultzeko behar diren neurriak hartzeko”, udaleko iturrien hitzetan. Arratsaldean bilduko da udala 28. zenbakiko bizilagunekin, txostena ezagututa, egoeraren berri emateko. Gogoratu behar da bi sute piztu zirela ordu gutxitan Senran: bat igandetik astelehenerako gauean, 22:30ak aldera, eta beste bat astelehen goizean. 28. atariko etxebizitzak ez ezik —eraikinaren egitura hormigoizkoa eta egurrezko da—, Santa Korda kaleko La Cuchara de San Telmo tabernak ere kalteak izan ditu.
Gaua kanpoan pasatu duten bizilagunak goizean zehar euren etxeetara gauza batzuk hartzera joan ahal izan dira, baina arratsaldean jakingo dute zein den eraikinaren egoera. Halaber, Nekane Arzallus alkateorde eta Hirigintza Sostengagarriko zinegotzia eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Mariaje Idoeta ere han egon dira goizean, eta Arzallusek adierazi du balitekeela suteak “haberen bat edo zutaberen bat kaltetu izana”.