Zaporeak elkarteak 3.000 errefuxiaturi ematen die jaten egunero

Intxaurrondon jaiotako Zaporeak elkarteak Lesbosen (Grezia) jarraitzen du errefuxiatuei jaten ematen, eta egunero 3.000 pertsonarentzako janaria banatzera iritsi da. Hori dela eta, janariz betetako beste kamioi bat bidali zuen astelehenean Greziara, eta balantzea egiteko aprobetxatu zuen agerraldia.
Horrela, elkarteko kideek azaldu zutenez, 2015etik hona, “janari duinezko” bi milioi anoa baino gehiago banatu dituzte errefuxiatuen artean, 1.500 boluntarioren lanari esker. Halaber, azaldu zuten dagoeneko iritsi direla Lesboseko sukaldeetan kozinatu dezaketen gehienezko ahalmenera. Ordea, deitoratu zuten oraindik badaudela janaririk gabe gelditzen ari diren errefuxiatuak, eta alternatibak bilatzen ari direla nabarmendu zuten.
Gabonak, elkartasuna sustatzeko
Balantzea egiteaz gain, Gabonetan Donostian egingo dituzten jardueren berri eman zuten Zaporeak elkartekoek. Alde batetik, ostiralean (hilak 15), Elkartasun Eguna antolatu dute Frantzia pasealekuko Gabonetako azokan duten etxola solidarioan, eta pintxo-potea egingo dute 18:00etatik 21:00etara.
Bestalde, larunbatean (hilak 16) ekitaldi solidario bat egingo dute Garbera merkataritza zentroan, “gastronomia eta elkartasuna uztartuz”, Ogi Berri eta Zabaleta enpresekin elkarlanean. Hurrengo asteartean (hilak 19), afari solidarioa antolatu dute Union Artesana elkartean, 20:00etan, besteak beste, Jakitea, Cebanc, Eurotoques, Interlan, Mahaia kolektiboa eta Hazi eragileekin. Azkenik, gogorarazi zuten San Tomas egunean (hilak 21) postu bat jarriko dutela Gipuzkoa plazan.