EH Bilduk eskatu du Donostia osoa izendatzeko tentsio handiko eremu
Eusko Jaurlaritzak egindako etxebizitza eremu tentsionatuen mapa “ez da nahikoa” EH Bildurentzat, eta salatzen dutenez, “ez die erantzuten donostiarrek etxebizitzaren arloan dituzten arazoei”. Donostia osoa tentsio handiko hiri izendatzea eskatu dute, “salbuespenik gabe” Etxebizitzaren Legeak eskatzen dituen bi baldintzak betetzen dituelakoan.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak tentsio handiko eremu buruzko mapa argitaratu eta biharamunean, EH Bilduk salatu du proposamena “hankamotz gelditzen dela eta ez dela nahikoa errolda eremu batzuk bakarrik sartzea”. Izan ere, Donostiaren kasuan, zazpi errolda-barrutitatik bost izan daitezke hautagai –barrutien araberako mugapeak eragiten du auzoekin ez bat egitea–.
Horrela, tenkatutako eremu izendatu ahal izango da hiriaren ekialdeko eremu osoa, baina kanpoan geratuko dira ondorengo eremuak: Antigua, Añorga, Ibaeta, Igeldo eta Zubieta osorik, eta Erdialdeko, Aieteko, Miramongo, Amara Berriko eta Martuteneko hainbat gune.
EH Bilduren ustez Donostiak bete egiten ditu maiatzean Madrilen onartutako Etxebizitza Legeak ezartzen dituen bi baldintzak: “Alokairuen batez besteko prezioa KPIa baino hiru puntu gehiago igo da azken bost urteetan, eta familien ahalegina alokairua hilero ordaintzeko diru-sarreren % 30a gainditzen du”.
Udal Gobernuari dagokio eskaera aurkeztea eta koalizioak eskatu du “presaz” egitea. Hala deklaratu ondoren, “alokairuaren prezioak mugatzeko Legean jasotako tresna guztiak” aplikatzea eskatuko du EH Bilduk