Ez bakartu eragozpenak
Besteen mamuak erraz ikusten ditugula gauza jakina da. Gureak ikustea, ordea, gehiago kostatzen da. Donostiak ez daki nola iritsi Donostiara, baina Hernanira joateko jarraibideak ederki adieraziko dizkizu.
Bizipenek egiten gaituzte, eta denak daramatzagu soinean: eskolako garaia, bikotekide ohiaren jateko ohitura, uztear zauden lana… Eskerrak ez garen atzokoak; aspergarria litzateke bizitza, bestela.
Lagun on batek esan zidan moduan, batzuetan obretan egotea komeni da, geure mamuei arreta jartzea. Badira bizitza honetan AHTa baino denbora gehiago irauten duten lanak —bueno, martxa honetan ez dakit ba nik—, baina horiengatik ez eskatu barkamenik inori.