«Zirkuan, arauarekin apurtzea kostatzen zait; eta artean, teorizazioarekin»
Urretabizkaia Txarangak soinu instalazio berria egin du Tabakalerako eskaileran. Noski, eta espero moduan, Urretabizkaia Txaranga ez da txaranga normal bat. Haize instrumentuak oinarri, bestelako —oso bestelako— piezak sortzen dituzte. Bertako kide da Miren Barrena artista donostiarra (Gros, 1996). Txarangako gainontzeko kideen moduan, hamaika dira bere fazeta artistikoak. Zirkuaren eta artearen mugak eta hartu-emanak ari da lantzen eta ikertzen.
Zirkua alde batetik, eta artea bestetik. Zertan dira berdin, zertan ezberdin?
Beti izan dut borroka hau. Arte Ederrak ikasten ari nintzenean, zirkura joaten nintzen entrenatzera. Bitan bananduta bizi nintzen: unibertsitaterako artista plastiko moduan lan batzuk egiten nituen, eta gero, ikuskizunak prestatzen nituen zirkurako. Bi esparruetarako baliogarria zen zerbait bilatzeari ekin nion: zirku eskola batean edo arte galeria batean aurkezteko koherentea izango zen pieza bat bilatzen.
Zirkuko teknikak performancera eramaten hasi zinen orduan.
Nire lehen lana Home Cinema bideoa izan zen, COVID garaian egina. Aurkitutako diapositibekin bideo bat egin nuen, bihurrikari ariketak egiten nituen bitartean. Tabakalerako erresidentzia batean egon nintzen, eta ez zidatenez soka zintzilikatzen utzi eskailera bat eskatu nien. Horrekin hasi nintzen akrobaziak egiten. Zirku munduan ezagunak ez diren eguneroko elementuak sartzerakoan, beste joko mota bat sortzen da.
Nolakoa izan da bilaketa?
Nire irakasleek proposatu zidaten ariketak motelago egitea. Zirkuan dena da txunditzea, eta arte garaikidean, harridura baino gehiago da erakustea zerbait benetan gertatzen ari dela: presentzia, momentuaren kontzientzia eta honelako kontzeptuek dute garrantzia.
Eskultura eta performancea egiten dudanean, bietan dago gorputzaren kontzientzia oso handia. Eskulturen moldeak nire gorputzaren gainean egiten ditut, molde gisa erabiliz. Gorputza modu figuratiboan erabiltzen ez dudanean ere, zakua kargatzeko, dena nahasteko eta lana egiteko gorputzak duen garrantziaz jabetzen naiz.
Zirkuaren eta artearen arteko lotura da gorputza?
Gorputza da erreminta bi kasuetan: ez da lotura bakarra. Beste modu batean espresatu ezin dudana adierazteko diziplinak dira. Lehen, asko marrazten nuen, eta autorretratu asko egiten nituen, gorputza beti dagoelako zurekin, eskura. Beste gaiak urrunago geratzen zaizkit.
Zer da gorputza zuretzat?
Kontziente naiz emakume baten gorputzak inplizituki eduki ditzakeen konnotazio politikoez. Gai garrantzitsua iruditzen zait eta horregatik ere gustuko dut erabiltzea, baina ez dut aipatzen ezta bilatzen ere, beti dagoelako hor, nahi gabe…
Zer da bilatzen duzuna?
Proiektuen arabera helburu ezberdinak ditut, molde antzekoak erabili arren. Teknika da zu nola gerturatzen zaren adierazi nahi duzun hori adieraztera. Eskultura erakusketak taldean egin baditut, agian gai komun bat izan dugu eta nik erabili dut gorputza gai horretara iristeko.
Orokorrean, asko gustatzen zait materialtasunarekin ikertzea. Material askok euskarri edo forma bat behar dute, masa edo likido bat direlako. Gorputza euskarri bat izan daiteke horretarako. Bilaketa hori aitzakiatzat hartuz, sortzen ditudan piezek esaten didate zertaz hitz egingo dudan. Batzuetan ez dut zerbait adierazteko hasierako helbururik, lanean hasten naiz eta gero ikusten dut: nire bizkarrarekin hasi naiz eta orain beste zerbait da, edo testura bortitza sortu dut, edo oso sexuala, edo gozoa… Eta orduan ematen diot azken transformazioa.
«Nire helburua espazio indiziplinario bat sortzea da, zirkutik eta artetik at katalogatuko dena» Miren Barrena
Bukaeran gehitzen diozu arrazoia?
Askotan ez dira gauza oso zehatzak, objektu beraren presentzia izan daiteke. Nola eragiten duen poeza horrek espazioan erakusketa aretoan jartzean, edo gainontzeko piezekin duen harremanean. Espazioan eragin handia dute piezek, eta baita ere beste ikusle edo gorputzei eragiten dieten sentsazioak.
Ekintzaren eta geldotasunaren arteko harremanaz hitz egiten duzu eskulturak egiterako orduan.
Erritmoarekin lotzen dut hau. Zirkuan sokarekin dantza bat egiten ari naizenean saiatzen naiz momentu dinamikoak geldoekin nahasten. Oso pertsona mugitu eta hiperaktiboa naiz, baina eskulturan askotan geldirik nago: edo nire gainean jarri dudalako pieza eta lehortu behar delako, edo zementuak 24 ordu behar dituelako gogortu arte. Polita da hori: zure pieza sortzen ari da, baina zuk ezin duzu ezer egin, ezin duzu azkartu.
Zure materialak zeintzuk dira?
Kuriositate handia izan dut beti: materialtasun ezberdinak bilatzea eskulturekin, materialen portaera ezberdinak… inork eskatzen ez didan arren, ni banoa hori probatzera. Fakultatean eskaiola genuen, merkea da eta azkar lehortzen da eta orain asko erabiltzen dut, moldeak egiteko aproposa delako.
Artistaren kondizio materialek baldintzatzen al dute artea?
Bai, guztiz. Zure materialak zure baldintzengatik dira honela. Zure beste ezaugarrien guztien moduan: zure arropa, zu mugitzen zaren tokiak… Zure baldintzek mugatzen zaituzte, baina baita ere zure esentzia eskaintzen dizute. Nire materialak nahiko xumeak dira, eta horren harira baita ere, trastelekuan topatzen ditudanak sartzen ditut: arnes bat, goma batzuk, nire aitaren diapositibak…
Trasteleku bat duzu Grosen. Baina ez da erraza lokalak lortzea Donostian, ezta?
Izugarrizko zailtasunak daude. Nik zorte handia dut, moldatzeko gai naizelako. Trasteleku hau ez nuenean, pieza handi edo tridimentsionalak egin beharrean, marrazkiekin egin nuen lan edo performanceak egiten espazioan bertan. Gustatzen zait zailtasunen aurrean nire lanak dinamikoak direla ikustea.
Artea ezinbestekoa delako zuretzat?
Orain nire lana dela sentitzen dut. Nahiz eta askotan tailerrera etorri soldatarik gabe, gerora dirua ematen dit. Nik dirua behar baldin badut proiektu artistiko bat jarriko dut martxan. Ez dut neure burua ikusten artearekin zerikusirik ez duen zerbaitetan. Horretarako ikasi dut, eta horretarako sartzen ditut orduak. Ondo pasatzen dut eta mundu horretan ikusten naiz.
Prekarioa da, hala ere, ezta?
Baldintzak oso arraroak dira. Nire lagun erizain edo irakasleekin ezin naiz konparatu. Beraiek badakite noiz izango dituzten oporrak; nik astez asteko ordutegiak egin behar izaten ditut. Beti egon behar zara prest proiektu berriei lekua egiteko. Orain tesia egiten ari naizenez, badut soldata finko bat, inoiz gertatu ez zaidana.
Bakarrik sentitzen al zara prozesu honetan?
Batzuetan bai, noski. Askotan nahita isolatzen naiz, lan egin ahal izateko. Neure beldur eta duda guztiekin egon behar izaten dut, eta gogorra da. Zirkuan ere askotan bakarrik entrenatu dut, baina orain, bi hilabetez aritu gara bederatzi pertsona egunero. Eta jada gogoa neukan bukatzeko [barrez].
Urretabizkaia Txarangan era bazabiltza. Baina ez da txaranga arrunt bat.
Hil berri den Fito Ramirez-Escudero nire irakasle eta zuzendariari esker hasi nintzen ni. Tronpa jotzen nuela esan nionean, esan zidan Urretabizkaia Txarangara joateko. Nik esan nion ez nekiela ondo jotzen, eta hark, «ba, hobeto, ez da jotzen jakin behar, soilik haize instrumentu bat eduki behar duzu». Txaranga hazten joan da; haizezko instrumentuekin biltzen den talde xelebre bat da. Badaude euren proiektu musikalak dituztenak, badaude artista plastikoak edo Arte Ederretako irakasleak… Giro oso sortzaile eta eroa dago.
«Kontziente naiz emakume baten gorputzak inplizituki
eduki ditzakeen konnotazio politikoez» Miren Barrena
Zertan da desberdina?
Partiturak ez dira konbentzionalak. Errezetak, instrukzioak, argazkiak, aginduak… edozerk osatu dezake Urretabizkaiako partitura bat; oso irekiak dira.
Adibideren bat?
Bilbon eman nuen lehen kontzertuan bazegoen pieza bat zela ahalik eta baxuen jotzea. Tontakeria dirudi, baina oso zaila da tronpa suabe jotzea. Denok oso-oso kontzentratuta geunden ahal genuen suabeen jotzeko, eta oso soinu politak ateratzen genituen denok elkarrekin.
Errenteriako Eztena jaialdian ikusi zintuztedan nik.
Errenterian egon ginenean, partitura kalea zen. Eskaileretan geundenean nota motzak jo behar genituen, zutabeetan la nota jo, elizan eseri egin behar ginen. Plazatik abiatu eta abestia momentuan sortzen zen. Lengoaia musikaleko partiturak baino irisgarriagoak dira: askok ez genekien behar bezala irakurtzen edo instrumentua ahaztua geneukan. Eta hau edonork jo zezakeen.
Zer da gehien interesatzen zaizuna?
Oso ondo pasatzen dugu, eta jendeak ere. Irudimenak mugarik ez duen musika egiteko modu bat da txaranga. Oraindik sekula jo ez dugun arren, nik pieza bat sortu nuen, txarangan egongo ez banintz sekula sortuko ez nukeena. Honelako zerbait da: egun batez, eguzkia ateratzean jotzen hastea, eguzkiaren energiak bultzatuta. Eguzkia gorago, ba nota apur bat gorago, hodeiren bat pasatuz gero isiltasuna. Eta dena sol klabean. Denei pila bat gustatu zitzaien. Amets bat da: gauza eroena errealitate bihurtu daitekeelako.
Musika denaren eta ez denaren mugan zabiltzate.
Zarata, musika eta performancearen arteko mugak ukitzea interesgarria iruditzen zaigu, ikusteko askotan zein marra finek banatzen dituen bata edo bestea. Probokazio bat ere bada: musika da? Zarata da? Berdin du? Ez du berdin?
Artea edertasunaren bilaketa da edo esperimentuaren emaitza?
Baruch Spinozaren esaldi bat irakurri nuen: «Edertasuna zaila bezain arraroa den hori da». Edertasuna ez da soilik neurri, kolore eta gauza batzuk errespetatzea, baizik eta beste zerbait izatea: arraroa, zaila… Beste alde batetik, uste dut artea eskuzabaltasun ekintza bat dela, zuk nahi duzuna partekatzen duzu erakusteko edo probokatzeko edo pentsarazteko edo jendeak ondo pasatzeko… Zuk esfortzu batekin eta zure denborarekin landu duzun zerbait partekatzea. Ez baduzu erakusten ez du zentzurik, eta behin partekatzean, jendeak barre egin dezake edo negar. Partekatzeak badu elkartzetik ere: erakusketa batean denok elkartzen gara eta gero kanpoan komentatzen dugu. Arteak eskaintzen du gizartea beste modu batean zeharkatzeko aitzakia bat.
«Arteak eskaintzen du gizartea beste modu batean zeharkatzeko aitzakia bat» Miren Barrena
Askotan badago egilearen eta ikuslearen arteko muga zorrotz bat.
Batzuetan pasibitatea sortzen du, besteetan ez hainbeste. Nire ikuskizunetan jendea zutik dago begiratzen, eta ez diot interakziorik eskatzen. Baina uste dut publikoari esker existitzen dela nire obra. Nik egiten ditudan mugimenduei begira ez badago, nire lanak ez du zentzurik. Publikoa ni bezain garrantzitsua dela iruditzen zait.
Artea oso eremu intelektualetan ari da jorratzen?
Askotan beldurra izan dut ea pedante bat izango naizen edo ez. Beti literatura eta autore batzuk sustatzen dira, klasikoak, eta badirudi horren inguruan hitz egin behar duzula denbora guztian. Urretabizkaia Txarangan, Talking Heads taldeari omenaldi bat egin behar genion eta Touching Heads pieza sortu genuen, hitz jokoa eginez. Publikoaren artean gindoazen, begiak tapatuta genituela, eta buru bat ukituz gero, instrumentua jotzen genuen. Pieza ulertzeko ingelesa jakin behar duzu, taldea ezagutu… Baina era berean nik uste dut kontzeptu intelektual bat egon arren oinarrian, berdin disfrutatu dezakezula. Ulertu gabe ere, barre egin dezakezula.
Baina bai, artean badago intelektualizazio hori, eta nik zirkua erabiltzen dut ihes egiteko. Dena komunagoa da bertan, toki ezberdinetako jendea elkartzen gara. Ez da hainbeste burua, ariketa fisikoa baizik.
Hori al da bien arteko aldea?
Artean ondare teorikoa dago, eta zirkuan historikoagoa da: historian zehar eman diren garapenak. Dantzariek puntak ateratzen dituzte, edo clownen bromak oso antzekoak dira. Estiloak oso karratuak dira: historian zehar egin diren trukoak errepikatzen dira. Hor dago nire krisia: zirkuan, arauarekin apurtzea kostatzen zait; eta artean teorizazioarekin, hor gehiegi galdu naitekeelako. Filosofia maite dut, baina nire gaitasuna ez da hitza, artea baizik.
Artearen eta zirkuaren arteko sintesia zein da, beraz?
Nire helburua da espazio indiziplinario bat sortzea, zirkutik eta artetik at katalogatuko dena. Zirku teknikak erabiltzea eskulturak egiteko, edo eskulturak egitea zirkuko diziplina batean. Fusioak sortzea eta horretarako aurkitu behar nuen espazio indiziplinar hori. Edozer gauza egiten badut karpa batean, zirkua izango da; edozer egiten badut arte galeria batean, zer esanik ez. Espazioak duen garrantziaz konturatu naiz. Helburua ez da pintzekin hartzea eta batetik bestera mugitzea; interesatzen zait nire zirku praktikak arteari eskaini diezaiokeena, eta alderantziz.