Hotel berriei mugak jartzeko moratoria luzatzeko eskatu du EH Bilduk
Zortzi hilabete igaro dira udalak hiriko eskaintza turistikoa arautzeko moratoria indarrean dagoela —apirilaren 18an sartu zen indarrean—. EH Bilduk agerraldia egin du gaur goizean (hilak 18), eta udalari moratoria luzatu dezala eskatu dio, urtebeterako sartu baitzen indarrean.
Dena den, luzatu ez ezik, zenbait “salbuespen” aldatzeko ere eskatu du talde soberanistak, egungo moratoriak ez baitizkie ostatu berriei “benetako mugak” jartzen. Era berean, hiriko auzo gehiagotara zabaltzeko eskaera ere egin du EH Bilduk.
Izan ere, moratoriaren arabera, Antigua-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaetako hirigintza eremu guztietan baimenak orokorrean bertan behera gelditu dira, eraikinen kalifikazioa edozein dela ere, eta hiriko gainerako eremuetan soilik bizitegi erabilera duten eraikinetan aplikatu da. Dena den, EH Bilduk zein Elkarrekin Donostiak salatu izan dute arauak atea zabalik uzten diola gune saturatuetan hotel berriak irekitzeari, eta “salbuespenak ezabatzeko” eskatu dute.