Loiolako Kuartelak salduta, kuartel berririk ez eraikitzea eskatu dute hiriko 30 eragilek
Madrilen Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak sinatu duten akordioa dela eta, Donostiako 30 eragilek osatzen duten Kuartel Berririk Ez ekimenak aldarrikatu du ez dutela Hipikako lurretan edo beste eremuren batean instalazio militar bat onartuko.
Eragileon iritziz, udalak ez luke “xentimorik ere ordaindu behar lur hauen truke”: “Hiriak larrutik ordaindu behar izan baitu bere historian zehar ‘plaza militar’ izendatua izatearen prezioa; mendez mende militarrek harresiak eraiki zituzten, espazio publikoaren jaun eta jabe egin ziren, eta ondoren salmenta espekulatiboak etengabekoak izan dira: Urgull, Alderdi Eder, Ondarreta…”. Gogoratu dutenez, udalaren diruarekin erosi zituen Espainiako MDefentsa Ministerioak lur hauek, eta orain “mingarria” egiten zaie berriz ere ordaindu behar izatea.
Bestetik, udalak egindako ordainketa hau, zuzenean Defentsa Ministeriora joango dela sakatu dute, eta ez dela behar sozialetara bideratuko: “Estatu espainiarrean alferrikakoa den armadara bideratuko da eta nazioartean Ukraina, Palestina, Yemen, Kongo… eta beste hainbat gatazketan konponbideak bilatu ordez segurtasun eredu militarizatua elikatzen jarraitzeko balioko du”.
Militarrak lau urtez Loiolan egotea, “kezkaz” hartu dute eragileok, eta baita ere “etorkizunean Hipikako lurretan, edo beste nonbait, instalazio militar berri bat egiteko asmoak, horrelako instalazio militar batek ez dielako herritarren beharrei erantzuten, gastu militarra handituko baitu eta segurtasun eredu militarizatu oker batean urrats berri bat eman, desmilitarizazio prozesuak abiatu ordez”.
30 eragileen artean daude Sortu, Elkarrekin Podemos, Alterntiba eta EH Bildu alderdiak; LAB, ELA, ESK, CNT eta STEILAS sindikatuak; Setem Hego Haizea, Eguzki, Donostiako Asanblada Feminista eta Komite Internazionalistak eragileak, besteak beste.