Zabalik dago donostiar langabeen kontratazio mugagaberako laguntzak eskatzeko epea
Lanbideren Antiguako egoitza. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea) Donostia Sustapenak enpresei laguntzak emateko deialdi berri bat egin du, langabezian dauden pertsonak kontratatzen laguntzeko. Laguntza sorta horrek Lanbideren finantziazioa du, eta Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen Planaren barruan kokatzen dira. Deialdia Donostian dauden tokiko enpresei zuzenduta dago, eta langabezian dauden 65 donostiarren kontratazio mugagabea ahalbidetuko du. Enpresa bakoitzak bi laguntza eskatu ahal izango ditu gehienez, eta 11.000 eurora irits daiteke sortutako lanpostu bakoitzeko.
Ekonomiako eta Bertako Enplegurako Zinegotziak, Marisol Garmendia, hauxe nabarmendu du: “Zinegotzigo eta Donostia Sustapeneko xede nagusia donostiarrentzat enplegua eta prestakuntza zein garapen profesionaleko aukerak sortzea da, ongizate pertsonalaren eta hiriko aurrerapen kolektiborako bide eraginkor gisa. Betekizun horretan, pertsona zaurgarrienak eta zailtasun gehien dituztenek laguntza berezia behar dute, hauek ematen dutena bezalakoa, eta lan munduan barneratzeko zailtasun handienak dituzten taldeak kontratatzea sustatu behar da”.
DBI jasotzen duten pertsonak, 35 urtetik beherakoak, 55 urtetik gorakoak edo iraupen luzeko langabetuak kontratatzen dituzten enpresek 10.000 euro arteko diru laguntzak jasoko dituzte lanaldi osoko kontratu bakoitzeko, eta 5.000 €-koak lanaldi erdiagatik. Talde horietakoak ez diren pertsonak kontratatzen badira, enpresek 8.000 euro arteko laguntza jasoko dute lanaldi osoko kontratu bakoitzetik eta, aldiz, 4.000 € lanaldi erdiarengatik. Gainera, aipaturiko laguntza guztiak %10 areagotuko dira emakume bat kontratatzen bada.
Laguntzen baldintzak
Kontratatutako pertsonak Donostian egon behar dute erroldatuta kontratatu aurretik, langabezian eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa egon behar dute erregistratuta. Laguntzak 2023ko urtarrilaren 1 eta abenduaren 31 bitartean egin diren edo egingo diren kontratuei aplikatuko zaizkie.

