Azken agurra Arantxa Gurmendiri: aktorea, euskaltzalea eta feminista
Arantxa Gurmendi aktorea (Parte Zaharra, 1944) larunbatean hil zen 79 urte zituela, azken 13ak alzheimerrak jota. Goenkale telesailean Hortentxi pertsonaiaren rola jokatzeagatik zen ezaguna jendearen artean, baina askoz ere zabalagoa izan zen bere ibilbidea: Jarrai antzerki taldean, 1960ko hamarkada euskal poparen lehen urratsetan, Ez Dok Amairuren inguruan, Lilatoiaren sorreran… Hiriko euskalgintza eta feminismoaren uztarketan erreferente izan zen.
Gurasoak donostiarrak zituen Gurmendik. Aitak aparatu elektronikoak konpontzen zituen, eta zinema aretoetako filmen banaketaz ere arduratzen zen eta Amak antzerkia egin zuen gaztetan. Elbira Zipitria izan zuen andereño, isilpeko ikastolan.
Hamazazpi urte zituela, Jarrai antzerki taldean sartu zen, “kasualitatez”. Iñaki Beobide, taldeko zuzendaria, eta beste kide batzuk udalari dirua eskatzera Antzoki Zaharrera joan ziren batean –bertan egiten zuen lan Gurmendik–, Gurmendirekin hitz egiten geratu eta ea taldera animatuko ote zen proposatu zioten: antzerkia euskaraz egin beharra zegoela konbentzituta ekin zioten, 1960ko hastapenetan.
Jarrai taldea oso inplikatuta egon zen Ez Dok Amairuren hastapenetan. Izen horrekin ez, baina taldearen muina aurkeztu zen 1966ko urtarrilaren 9an Hernaniko Aitor antzokian. Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Gurmendi ziren jaialdiko aurkezleak, eta han izan ziren Julen Lekuona, Mikel Laboa, Kemen taldea, Benito Lertxundi…
Berehala, ordea, taldearen “filosofiarekin bat egiten ez zutela eta”, urrundu egin ziren bertatik. Bestelako erreferentziak zituen ordurako Gurmendik. 19 urterekin Ingalaterran egona zen ingelesa ikasten, eta bertan ikusi zituen The Beatles, Jimmi Hendrix, Rolling Stones, eta hainbat eta hainbat rock talde. Honela, Bihurriak euskarazko lehenengotariko ye-ye eta pop-rock taldea sortu zuen.
Aktore lanetan ibilbide luzea egiteaz gain, hiriko mugimendu feministan parte hartu zuen Gurmendik. Besteak beste, Lilatoiaren sorreran parte hartu zuen , eta urte luzez izan zen taldeko arduradunetako bat.
Azken urteotan alzheimer gaitzak gogor jo zuen. Gaixotasunaren ikusgarritasunean lan egin zuen. EITBko Ur Handitan programan azaldu zuten Gurmendik eta bere senar Antton Elosegik gaitzak nola eragin zuen haien bizitzan, lekukotasun gogorra eskainiz.