Altzan jipoi bortitz baten ondorioz hildako gizonaren kasua otsailean epaituko dute
Altza auzoan 2021eko ekainean sekulako jipoia jaso ondoren hil zen gizonaren heriotza epaituko dute 2024ko otsailaren 16tik 26ra bitartean, Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioan. Fiskalak 12 urteko kartzela-zigorra eskatu du.
Gertakaria 2021eko ekainaren 26an izan zen. Garai hartan 32 urte zituen ustezko erruduna 50 urteko biktimarekin aurkitu zen, Larratxo inguruan. “Aspalditik” ezagutzen zuten elkar.
Fiskaltzaren idazkiaren arabera (Efe agentziak ikusi ahal izan duenez), biak batera igaro ziren arratsalde hartan; izan ere, inguruko tabernetan “hainbat edari” hartu zituzten, eta joko areto bateko jolas makinetan egon ziren denbora batez.
Era berean, ustez “zenbait substantzia estupefaziente” kontsumitu zituzten, une jakin batean inputatuak “jolas makinetako batean sari bat” lortu zuen arte.
Auzipetuak diru horren zati bat “heroina kopuru bat erosteko” erabili zuen, eta, horren ostean, bi gizonak Lau Haizeta inguruko baratze gune batera joan ziren.
Itxuraz, bertan ezagun baten karabana baten barruan heroina kontsumitzen hasi ziren, harik eta akusatua “susmoak hartzen hasi zen arte”, biktimak dirua edo droga lapurtu ote zion.
Testuinguru horretan, akusatuak bortizki eta “etengabe” kolpatu zuen biktima, “modu basatian eta errepikatuan”. Kolpeen ondorioz hil zen biktima.
Hamabi urteko espetxe zigorra eta bost urteko zaintzapeko askatasuna eskatzen ditu akusazioak ustezko errudunarentzat, drogen kontsumoen ondorengo aringarria ezarri ostean. Halaber, hildakoaren senideei 102.000 euroko kalte-ordaina emateko eskatzen du.