Irudi ederrak, beste urte batez, San Silvestre lasterketan
Eguna goibel esnatu bada ere, urteko azken eguneko zita garrantzitsua errespetatu du, eta giro bikaina izan da, beste behin ere, San Silbestre lasterketan. Aurten, azken urteotako parte hartzerik handiena izan du lasterketak: 2.600 gizonezkok eta 1.870 emakumezkok.
Urrezko dominak Baionara joan dira beste behin ere. Aurten, Pierre Urruti lapurtarrak irabazi du gizonezkoen lasterketa, eta emakumezkoena Betti Urrutiren esku geratu da. Pierre Urrutik 23 minutu eta 26 segundoan burutu du ibilbidean. Lehendik ere jantzi du txapela, 2015ean, 2018ean eta 2019an, esaterako. Imanol Cruz, aurreko edizioetan ere proba hau irabazi duena, bigarren izan da (23:44), eta Ander Sagarzazuk osatu du podiuma (23:47).
Emakumezkoen kategorian, Betty Urrutik ere bazekien zer zen Donostian irabaztea. 2017ko eta edizio honetako garaileak 26:47ko denbora egin du. Bigarren sailkatua, Mylène Da Costa okzitaniarra izan da 28:29ko denborarekin. Nerea Egia donostiarra, maratoi erdiko Euskadiko txapelduna 2022an, hirugarren izan da 28:47ko erregistroarekin.