350.075 bisitari jaso ditu Aquariumak 2023an
Gipuzkoako museorik bisitatuena izan da, eta EAEko bigarrena, Guggenheim museoaren ondoren.
350.075 lagunek bisitatu dute Donostiako Aquariuma 2023an, 2022an baino %9 gehiago (320.000 bisitari) eta 2021ean baino %49 gehiago (234.545 bisitari). Aquariuma izan da Gipuzkoako museorik bisitatuena, eta EAEko bigarrena, Bilboko Guggenheim museoaren ondoren.
Aquariumak ohar baten bidez jakinarazi duenez, bisitarien %15,34 gipuzkoarrak, %9,47 bizkaitarrak, %3,44 arabarrak eta %7,12 nafarrak izan dira. Estatuko bisitariak aztertuz, beste urte batez Madril erkidegokoak dira Aquariuma gehien bisitatu dutenak, bisitari osoen %2,93.
Atzerritarrei dagokionez, bisitarien ia %50 izan dira (%49,65). Rankingean lehengo postuan frantsesak izan dira (98.711), bisitari osoen ia %28,20. Ondoren, Erresuma Batua 11.799 bisitariekin (%3,37), Estatu Batuak 10.295 bisitariekin (%2,94), eta Alemania 5.014 (%1,54).
Uztaila eta abuztua izan ohi dira Donostiako Aquariumek jende gehien biltzen duen hilabeteak. Uztailean, 47.812 pertsona sartu ziren museoa bisitatzera, eta, abuztuan, 63.056. “2000tik izan den udarik onena ere izan da”, nabarmendu du Aquariumek.
Gainera, 30.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte Aquariumeko Dibulgazio sailak diseinatutako hezkuntza eskaintzan. 2023an, bisita eta tailer berriak egin dituzte eskola umeentzat, eta, bereziki, Arrainekin Lotaneko familiei zuzendutako eskaintza berrian.