Kopako asteburua dauka Realak
Igandean jokatuko dute Realeko mutilek, neskek, Ibaeta Basketek eta Gipuzkoa Basketek, Errege eguna pasatuta.
Malagara doaz Realeko mutilak igandean, La Rosaleda estadioan kopako final-hamaseirenak jokatzera. Aurreko kanporaketetan Buñol eta Andratxi 0-1 irabazi ondoren, kanporaketa hau abantaila handiagoarekin irabazteak zaleak apur bat lasaituko lituzke, azkenaldiko erdipurdiko emaitzen ostean. Espainiako Lehenengo Federazio Mailako taldea da Malaga, eta, beraz, aurreikusi daiteke Imanol Alguacilek normalean minutu gutxi izaten dituzten jokalariak zelairatuko dituela, are gehiago hurrengo asteburuan Athleticen aurkako derbia edukita.
Realeko neskei dagokienez, Tenerife hartuko dute Zubietan igandean, urteko lehenengo partidan. Txuri-urdinen aurkari zuzenak dira kanariarrak, ligako zazpigarrenak baitira donostiarrak, eta bederatzigarrenak Tenerifekoak.
Saskibaloian, Perfumerias Avenida ligako bigarren sailkatuaren etxean jokatuko du Ibaeta Basketek, eta gogor lehiatu beharko da Donostiara garaipen batekin itzuli nahi badu. Bestalde, Gipuzkoa Basketek Melillaren etxean jokatuko du. Ez litzateke partida bereziki zaila izan behar donostiarrentzat, etxeko taldea ligako hamargarrena baita, eta Gipuzkoa Basket laugarrena.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen kopa, final-hamaseirenak
- Malaga — Reala (igandea, 7, 21:00)
Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia
- Reala — Tenerife (igandea, 7, 12:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 16. jardunaldia
- Perfumerias Avenida — Ibaeta Basket (igandea, 7, 12:00)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 16. jardunaldia
- Melilla — Gipuzkoa Basket (igandea, 7, 12:00)