Koruko Andra Mariaren basilikara lekualdatuko dira txistulari taldearen kontzertuak
Kontzertuak 12:30ean hasiko dira elizako koru azpian.
Neguko eguraldi txarretik babesteko asmoz, Donostiako Udalaren txistulari taldeak igandero eskaintzen dituen kontzertuak Koruko Andra Mariaren basilikara lekualdatuko dira igandetik, urtarrilaren 7tik, aurrera. Kontzertuak 12:30ean hasiko dira elizako koru azpian.
“Euskal kulturak bere hiru zuloko instrumentuari atera dion eta gaur egun ere ateratzen dion etekina erakusteko erakunderik egokiena da zalantzarik gabe Donostiako Udalaren Txistulari Taldea. Euskal kulturan, flauta mota hori, mendeetan zehar (egitura jakin bat, afinazio egokia eta tinbre berezia eman dizkion prozesu baten bidez), txistu izeneko tresna bilakatu da”, azaldu du txistulari taldeak ohar baten bidez.
Donostiako Udalaren txistulari taldeak euskal txistularien tradiziozko doinuekin osaturiko kontzertuak eskainiko ditu Koruko Andra Mariaren basilikan.

