Maskara eramatea derrigorrezkoa izango da asteazkenetik aurrera ospitale eta anbulatorio guztietan
Osasun Ministerioak osasun zentroetan maskara ezartzea proposatu du astelehen honetan, eta erkidegoek asteazkenera arteko epea dute proposamena aztertzeko.
Egiako anbulatorioa.Irutxuloko Hitza Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak osasun zentro guztietan maskara ezartzera behartuko ditu autonomia erkidegoak, asteazkenean. Osasun Sistemaren kohesioa eta kalitatea bermatzeko legearen 65. artikuluaren bitartez ezarriko du Espainiako Gobernuak maskararen erabilera.
Osasun Ministerioak osasun zentroetan maskara ezartzea proposatu du astelehen honetan, eta erkidegoek asteazkenera arteko epea dute proposamena aztertzeko. Orain arte, sei erkidegok baino ez dute onartu maskara berriz ezartzea: Katalunia, Valentzia, Aragoi, Murtzia, Kanariak eta Asturias.
Akordiorik gabe
Osasun Ministerioa eta autonomia erkidegoak astelehen honetan bildu dira Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluan, eta ez dute akordiorik lortu osasun zentroetan, egoitzetan eta farmazietan maskara nahitaez erabiltzeko beharrari buruz.
Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, dokumentu bat helarazi die Ministerioak erkidegoei, eta horiek 48 ordu dituzte alegazioak aurkezteko. Dokumentu horretan maskara soilik osasun zentroetan erabiltzeko derrigortasuna ezartzen du, eta zentro soziosanitarioetan eta farmazietan gomendioa luzatzen du. Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseilua asteazkenean bilduko da berriro, gaia aztertzeko.
EAEn, erabilera gomendatzea erabaki da, eta, oraingoz, Osasun Sailak ez du beharrezkotzat jotzen “neurri zorrotzetara jotzea”. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, ez dator bat, “gainerako autonomia erkidegoetako zati handi bat bezala”, Lurralde arteko Kontseiluaren asteleheneko bileraren deialdiarekin.
Ohar batean Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, Ministerioak ez zuen arnas gaixotasunen eraginari buruzko daturik eman asteleheneko bileran, “ezta proposatutako neurrien eraginkortasunari buruzko ebidentzia zientifikorik ere, ezta proposamenak oinarritzeko txostenik ere, besteak beste, osasun zentroetan maskarak erabiltzea unibertsalizatzea”.

