Udaltzaingoaren sententzia «euskararen normalizazioaren aurkako erasoa» dela esan du Goiak
Eneko Goia Donostiako alkatearen arabera, epaitegi batek Donostiako Udaltzaingoari buruz emandako azken epaia euskararen normalizazioaren aurkako "erasoa" da eta euskal hiztunen eskubideak zalantzan jartzen ditu.
Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiaren epai batek baliogabetzat jo du Udaltzaingoaren lan deialdian, B2 hizkuntza eskakizuna. Donostiako Udalak 2022ko abenduaren 20an Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen eskakizuna Udaltzaingoaren agente izateko eskainitako bi plazak eskuratzeko baldintza gisa. Epailearen arabera, baina, betekizun hori “diskriminatzailea” da, “Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua” urratzen duelako.
Goiak gogoratu duenez, ez da euskararen baldintza hori zalantzen jartzen duen eta administrazio publiko bati eragiten dion lehen epaia, besteak beste, Uliazpi Fundazioarekin antzeko sententzia izan zen eta iaz. Alkatearen iritziz, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak zalantzan jartzen ditu epaiak eta “kolpe bat” dela euskararen normalizazio prozesu horretan eta baita ere euskararen biziberritze prozesu horretan.
Edozein kasutan, eta aurrera begira ere, Donostiako Udalak euskararen biziberritzearen alde eta euskararen normalizazioaren alde “buru belarri” lanean jarraituko duela gaineratu du. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, udalaren idazkariak epaiaren aurkako helegitea aurkeztu ala ez aztertzen ari dira, Uliazpikoan ez bezala, kasu honetan, Donostiako Udalari baitagokio helegitea aurkeztea.
Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak bestelako balorazioa egin du Radio Euskadin, gaur goizean. Epaileak eta epaitegiak euskararen normalizaziorako legea aplikatzen ari direla nabarmendu du eta ez dagoela euskararekiko sentsibilitate faltarik. Subijanak ez du uste lege esparruak huts egiten duenik, eta auziaren muina interpretazioan dagoela gaineratu du.