Derrigorrezkoa izango da gaurtik maskararen erabilera Donostiako ospitalean eta osasun etxeetan
Bueltan da Donostiara maskaren erabilera. Espainiako Osasun Ministerioak erabilera derrigorrezkoa ezarri du eta erkidegoek egindako eskaerei uko egin die.
Osasun Ministerioak osasun etxeetan maskara ezartzea proposatu zuen astelehenean eta erkidegoek asteazkenera arteko epea izan dute proposamenak egiteko. Gaurtik maskararen erabilera derrigorrezkoa da ospitale eta anbulatorio guztietan; zentro soziosanitario eta farmazietan, aldiz, erabilera gomendatu dute, derrigortasunik ezarri gabe.
Astelehenean ohar batean Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen Ministerioak ez zuela “arnas gaixotasunean eraginari buruzko daturik eman, ezta proposatutako neurrien eraginkortasunari buruzko ebidentzia zientifikorik ere”. Espainiako Osasun ministrak, Monica Garciak, normaltasuna eskatu du gaurkoan; izan ere, “zentzuzkoa da eta jendeak osasun zentroetan maskara erabiltzen du, betebeharrik ez dagoen arren”.