Donostiako Udalak bat egin du 'Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat' elkarretaratzearekin
Donostiako Udalak irmoki salatu du epaitegiak baliogabetzat jo izana Udaltzaingoaren lan deialdiaren euskara eskakizuna, eta bat egin du ostiral honetako elkarretaratzearekin.
Administrazioarekiko Auzien 3.zenbakiko epai batek baliogabetzat jo du Udaltzaingoaren bi lanpostu egonkortzeko deialdia. Auzitegiak ebatzi duenez deialdia “diskriminatzailea” da, Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua urratzen duelako. Udalaren ustez, epaiak “zuzen” eragiten dio udal autonomiari eta donostiarren beharren arabera antolatzeko duen “eskumen eta betebeharrari”.
Horregatik, Donostiako Udalak irmoki ohartarazi du azkenaldiko euskararen kontrako oldarraldia, eta bereziki, baliogabetzat jo berri duen epai hau “bere autonomiaren aurkako erasoa” dela.
Euskarak etorkizunera begira dituen “desafio handiei” aurre egiteko konpromisoa hartu du udalak; izan ere, “kezkaz” ikusten du auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek “atzerapauso handiak eragitea eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan”.
Ostiraleko elkarretaratzea
Udalak bat egiten du urtarrilaren 12an, 18:30ean, Alderdi Ederren, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak deitu duten elkarretaratzearekin.