Hiru urte eta erdiko zigorra ezarri diote Santi Cocaren heriotzaren erantzuleetako bati
2019ko apirilean Santi Coca gaztearen jipoian parte hartu zuen gazteetako bat hiru urte eta erdiko kartzela zigorrera kondenatu dute, zuhurtziagabekeriazko homizidio-delitu bat egotzita. Gazteak jipoian parte hartu zuela baieztatzen du epaiak, ordea, ez du Cocaren heriotzaren erantzule egiten.
Epaiak 420 euroko isuna ezartzen dio gazteari, lesio delitu baten erantzule izateagatik, eta hildakoaren guraso bakoitzari 72.438 euroko kalte ordaina ematera behartzen du, eta 20.696 eurokoa anaiari, hau da, orotara 165.652 euro kalte-ordainetan.
Gainera, auzipetuak bederatzi hilabete egin zituen behin-behineko espetxealdian, eta ezin izango da Santi Cocaren senideengana hurbildu, ezta haiekin harremanetan jarri ere, bost urtez.
Epailearen testuak nabarmendu duenez, kondenatuak “alkohola kontsumitu zuen, eta, horregatik, gertakarien unean nahimen-ahalmenak edo ahalmen intelektualak apur bat kaltetuta zituen”.
Absoluzioa
Bestalde, ebazpenak absolbitu egin ditu kasuan inputatu zituzten beste lau gazteak, horietako hiru epaimahaiak errudun jo ez zituelako, eta laugarrena ahozko epaiketan akusazioak kendu ondoren.
Seigarren auzipetu bat, aljeriarra ezizenez ezaguna, Santi Cocari jipoian “buruan azken ostikada basatia” eman izana egozten dio akusazioetako batek. Ihes eginda dago, eta ezin izan zuten epaitu Gipuzkoako Auzitegian iazko azaroaren erdialdetik abenduaren hasierara bitartean epaimahaiarekin egindako bistan.
Hain zuzen, epaimahaiak frogatutzat eman zuenez, Santi Cocaren eta ihes eginda dagoen gaztearen arteko istilu bat gertatu izan zela. Itxuraz, Cocak muturrekoa eman zion besteari, eta azken honek “indarkeriaz” erantzun zion, lurrera bota eta kolpatuz. Gainontzeko akusatuek hainbat kolpe eta ostiko eman zizkioten, bai Cocari, bai eta bera defendatu asmoz zegoen anaiari.