La Sirena irekitzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean
La Sirena aterpetxea gauero zabaltzeko eskatuko dute hainbat herritarrek bihar, ostegunean, 19:30ean udaletxe kanpoan egingo duten elkarretaratzean. Hiritarron Harrera Sarea, bestalde, mantak jasotzen ari da, kalean lo egin behar duten herritarren artean banatzeko.
Iaz egin bezala, hainbat gobernuz kanpoko erakunde eta herritar taldek kalean lo egiten duten herritarren eskubideen alde ari dira borrokan. Donostiako Udalari eskatzen diote “muturreko egoeran” bakarrik ez irekitzea aterpetxea. “Zer desberdintasun dago gradu bat zero azpitik, edo gradu bat zero gainetik, kalean lo egin behar duzunean?”, galdetu dute.
Azaroaren 16tik apirilaren 1era bitarte, La Sirena aterpetxeak kale egoeran dauden herritarrak jasotzen ditu “larrialdiko arreta zerbitzu osagarri gisa”. Honek esan nahi du izozte arriskua dagoen muturreko hotz egoeretan ahalbidetzen dutela aterpetxea, beti ere, 36 ordu lehenagoko iragarritako izozte arriskua baieztatzean. Kale egoeran bizi diren herritarren iritziz, hori ez da nahikoa, eta negu osoan zehar irekitzeko eskatzen diote udalari.
Aurten, zerbitzua indartu zuela baieztatu zuen Donostiako Udalak, besteak beste, negu denboraldian, aterpetxe funtzioa bertan behera utziz, eta soilik larrialdirako zerbitzu gisa funtzionatuz, eta honela, edukieraren %100 aprobetxatuz. 100 plaza daude La Sirenan, eta “zerbitzu osagarri gisa erabiltzen dira”, bestelako zerbitzuen bidez eskaintzen diren 140 plazei gehituz.
Donostiako EH Bilduk, gaur hedabideei bidalitako ohar batean, La Sirena irekitzeko eta irizpideak aldatzeko eskatu du