'Zinema eta Zientzia' zazpigarren zikloa aurkeztu dute gaur Tabakaleran
2024ko lehen hiruhilekoan zinema eta zientzien inguruko film, aurkezpen eta solasaldiak izango dira Donostian.
2024ko lehen hiruhilekoan zinema eta zientzien inguruko film, aurkezpen eta solasaldiak izango dira Donostian. Ospe handiko nazioarteko 22 zientzialari gonbidatuek aurtengo aurkezpen eta solasaldiak bideratuko dituzte.
Aurtengo zikloan elkarlanean daude Euskadiko Filmategia, Donostia International Physics Center eta Donostia Zinemaldia. Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politika eta Hezkuntzako sailburuak Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz, gaurko ekimenean izan dira. Sailburuek erakundeen arteko lankidetza eskuzabalaren inguruari buruz aritu dira eta zinema eta zientziaren arteko harreman estua goraipatu dute.
Joxean Fernandezek, Euskadiko Filmategiko zuzendariak, azaldu duenez, “kultura eta zinemaren bitartez, zientziaren ezagutza zabaltzea da asmoa eta, horretarako, ziklo honetan zinema klasikoa, garaikidea, fikziozkoa, ez fikziozkoa eta animaziozkoa uztartu dira”.
Ricardo Diez Muiñok, DIPCko zuzendariak, zientziak gizartea eraldatzeko duen indarrari buruz hitz egin du; izan ere, “askotariko ikuspegietatik plantea daitekeela zinemaren eta zientziaren arteko elkarrizketa, eta guztiak direla erakargarriak eta aberasgarriak”, erakutsi nahi dutela gaineratu du.
Ikasleei zuzendutako goizeko saioak
Batxilergoko ikasleek ere filmak ikusteko eta zientzialariekin solasean aritzeko aukera izango dute. Donostiako ikastetxeek deialdia jasoko dute eta izena emateko aukera izango dute. “Horrela ikasleek ikasi eta ikerlariekin inteligentzia artifizialaren inguruan eztabaidatu ahal izango dute”, zehaztu du DIPCko zuzendariak. Saiootan, Mars Express filma proiektatuko da euskarazko azpitituluekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hitz ikerketa taldeko Rodrigo Agerrik eta Izaskun Etxeberriak aurkeztuko dute.