Txillidaren argilunak ekarri ditu gogora artikulu batean Hedoi Etxarte idazleak
Hedoi Etxarte idazleak CTXT-n argitaratutako artikuluan salatu duenez, Eduardo Txillidaren jaiotzaren ehungarren urteurrena dela-eta egiten ari diren irakurketek berariaz uzten dituzte atzean eskultorearen bi pasarte ilun.
Bata, Eduardo Txillidaren aitaren papera. Militar frankista zen Pedro Txillida, eta itxuraz, Donostian estatu kolpea ematearen arduradunetako bat izan zen.
Frankismoa indarrean zela, bera izan zen Realeko presidente, eta garai hartan izan zen Eduardo Txillida atezaina. Etxartek gogora dakar nola hedabide guztiek goraipatzen duten eskultorearen fazeta kirolaria, baina inork gutxik egiten duen bi kausen arteko lotura.
Etxartek dakarren beste pasartea, are ilunagoa da. Itxura denez, 1949an, Eduardo Txillida Parisen zela, Orio Pala izeneko antifaxista bat jipoitu zuen, eta ia-ia leihotik behera bota zuen, Espainiako bandera frankistaren harira. Urteetara, gertakariaz damu zela esan omen zuen eskultoreak.
Etxartek gogoratzen duenez, Pablo Nerudaren eta Pablo Picassoren kasuetan, haien lana goraipatzerako orduan, haien argilunak agerian uzten dituzte historialariek: inork ez du ezkutatzen hainbat emakumeri eraso egin zietela. Txillidaren kasuan, ordea, errelato bakar eta monolitiko bat egiten ari dira hedabide eta erakundeak.
Honela galdetzen amaitzen du Etxartek artikulua: “Zergatik dago obsesio bat, eskultoreak sortzen duen aberastasunaren kudeatzaileengan, Txillida giza eskubideekin eta ezberdinen arteko elkarrizketarekin lotuta erakusteko, eta, hala ere, beti alde batera uzteko ‘bere gaztaro falangista ultra eta erradikala’?”.