2024ko hiri proiektuak
Hiria

Aurten argia ikusi beharko luketen proiektuz beterik dator 2024a

Datozen asteotan onartu nahi du udalak 2024ko udal aurrekontua, bere historiako handiena izango dena. Askotariko proiektuak garatuko dituzte aurrekontu horrekin, eta abian diren asko bukatu beharko lituzkete aurten.

kartzela Zubietako kartzela 2024ko lehenengo seihilekoan irekitzekoak dira.Espainiako Gobernu Ordezkaritza

Asko dira hirian abian diren lanak eta proiektuak, eta Donostiako Udalaren aurreikuspenen arabera, hasi berri den urte honetan bukatu edo, gutxienez, aurrerapauso garrantzitsuak eman beharko lituzkete horietako hainbatetan, besteak beste, etxebizitzaren arloan. Hain zuzen ere, prozesu luze baten ondoren, Loiolako kuartelen salerosketa sinatu zuten abenduan udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak, eta horrek ahalbidetuko du eremu horretan 1.700 etxebizitza inguru eraikitzea, auzune berri bat sortuz. Luzerako joko du proiektu horrek, baina aurten hasiko dira diseinatzen eta forma ematen.

Bestalde, Zubietako espetxe berria 2024ko lehenengo seihilekoan bukatzekoak dira, eta, inauguratzen dutenean, Martuteneko kartzelako presoak hara eramango dituzte. Beraz, aurten botatzekoak dira espetxe zaharra, eta bertan, Txomiñenen aurreikusita dauden etxebizitzen bigarren fasearekin hasiko dira. Horrez gain, Infernuko, Igarako eta Illarrako hirigintza garapenetako lanekin aurten hastea aurreikusten du udalak.

Era berean, gogoratu behar da hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikuspenean murgilduta dagoela udala, eta datozen hilabeteotan aurrerakina onartzea eta hurrengo urteetan hiria arautuko duen behin betiko plana idazten hastea dela asmoa. Horren bidez, besteak beste, erabakiko da zein izango den Altzako Auditz Akular eremuaren eta GI-20 saihesbidearen etorkizuna; Auditz Akular berdegunean 3.000 etxe eraikitzea aurreikusten da, eta GI-20 saihesbidea eraldatzea, auzoetan gehiago integratzeko. HAPOarekin lotuta, hotel berriei mugak jartzeko moratoria luzatzekoa da udala, bizitegi erabilerako eremuetan hotel berriak irekitzea debekatuko duen plan orokorraren aldaketa onartzeko.

BCC, Eskusaitzeta eta beste

Hirian eztabaida handia sortu duen Basque Culinary Centerren bigarren egoitza ez dute aurten bukatuko —2025erako dago aurreikusita eraikin berria—, baina datozen hilabeteotan aldatzen hasiko da Manteoko inguru guztia, lanek aurrera egingo baitute.

Aurten bukatzekoak dira, aldiz, Eskusaitzetako Mubil Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroaren egoitza, agintariek diotenez, «Europan teknologikoki punta-puntakoa» den azpiegitura izango dena. Hain zuzen ere, Eneko Goia alkatearen hitzetan, Donostia «zientziaren eta ezagutzaren hiri gisa» sendotzea nahi du udalak, eta, ildo horretatik, beste hainbat proiekturekin aurrerapauso garrantzitsuak emango dituzte aurten: Illunbeko Parke Teknologikoa handitzea, ordenagailu kuantikoaren egoitzaren eraikina eraikitzea, Donostia International Physics Center eraikin berria egiteko lanak hastea eta Elektromugikortasunaren Poloa abian jartzea.

Bestalde, nabarmentzekoa da Osasun Hirian zenbait hobekuntza egiten hasiko direla aurten —aparkaleku berria, Protonterapia eraikina eta Lehen Mailako Arretako eraikina—, zezen plaza erabilera anitzeko pabiloi bihurtzeko proiektua berraktibatuko dutela, Anoetako miniestadioa handitzeko lanekin hasiko direla, belodromoko estalkia berrituko dutela eta Bretxa eta San Martin merkatuetako lanak bukatuko dituztela.

Horrez gain, Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiarekin hitz egiten jarraitu beharko du udalak, hainbat kontu argitu behar baititu. Alde batetik, udalak erakunde horren baimena behar du Haizearen Orraziko mendi magala birmoldatzeko eta eremua irisgarriago egiteko lanei ekiteko. Bestetik, Ondarretako Tenisaren eta La Perla gunearen kontzesioen luzapena eskatuta dauka udalak, emakidak iraungita baitaude 2018tik; ordea, Kostaldeko zuzendaritzatik ezezkoa jaso zuen udalak, eta helegitea aurkeztu du.

Mugikortasuna

Mugikortasunaren arloan, aurten indarrean sartuko den neurri garrantzitsuena Isuri Gutxiko Eremuarena da (IGE), urtea amaitu baino lehen hiriko erdigunean ezartzea aurreikusten dena. Horren bidez, 8.000 ibilgailuren joan etorriak saihestea eta isuri guztien %30-40 murriztea aurreikusten du udalak. Izan ere, etiketarik gabeko ibilgailuak ezin izango dira IGEn sartu, hau da, 2001 aurretik matrikulatutako gasolina autoak eta 2006 aurretik matrikulatutako diesel autoak.

Bestalde, metroaren lanekin aurrera jarraituko dute hainbat zonatan, hala nola, Anoetako geltokian. Hala ere, Goiak joan den astean azaldu zuenez, hainbat urtez gainazalean eragina izan ondoren, «2024an iritsiko da hiriaren erdigunean funtsezkoak diren eremuetarako lasaitasuna, eta hainbat gune berrurbanizatzeko bidea emango du, hala nola, Easo eta Xabier Zubiri kaleak».
Horrez gain, aurten Dbusen autobus flota berritzeko eta hiriko bizikleta sarea zabaltzeko asmoa dauka udalak, baita Bidebieta eta Trintxerpe lotuko dituen bidegorri zati estrategikoa amaitzeko eta Bulebarraren, Erregina Erregeordea kalearen eta Zurriolako zubiaren arteko bidegorria zuzena izatea helburu duen proiektua garatzeko ere.

Auzoetako proiektuak

Hiri proiektu handietatik harago, Donostiako txoko ugaritan daude abian proiektuak, aurten argia ikusi beharko luketeenak: Antso Jakitunaren hiribideko alde bikoitiaren espaloia urbanizatzea, Bidebietako parkea berritzea, Anoeta estadioaren ingurua urbanizatzeko lehen fasea, Txaparrene pasealekua eraberritzea, Martuteneko biribilgunea behingoz egiten hastea eta bukatzea, Zurriola Maritimorako proiektu berria abian jartzea eta Egiako Villa Salian Hestia berria irekitzea, besteak beste.

HITZAkide HITZAkide