Donostiar bat dago Futuro Vegetal taldeko 22 atxilotuen artean
Abenduan izan ziren atxiloketak, eta Espainiako Poliziak "egitura kriminal bat osatzea" egozten die kideei.
Abenduan Futuro Vegetal talde ekologistan parte hartzeagatik atxilotutako 22 pertsonei egozten dizkieten karguak publiko egin ditu Espainiako Poliziak: erakunde kriminaleko kide izatea, ondare historikoaren, bide segurtasunaren eta aire trafikoaren aurkako kalteak, agintaritzaren agentearen aurkako atentatua eta desordena publikoak.
“Egitura kriminal bat osatzea” egozten diete ekintzaileei eta milioi erdi eurotik gorako kalteak eragitea. Atxiloketak Madrilen, Bartzelonan, Cadizen, Murtzian, Eldan, Zaragozan, Granadan, Valentzian, Sorian, Santanderren eta Donostian egin zituzten abenduan. Poliziaren komunikatuaren arabera, atxilotuen artean daude “hiru arduradun nagusiak, taldea erakunde kriminal gisa koordinatzen eta zuzentzen zutenak”.
Hala ere, kolektiboak bere sare sozialetan zehaztu duenez, atxiloketa horiek ez dira berriak, “Poliziak azken urteaz egiten duen balantzea eta aipatzen dituen atxiloketak joan den abendukoak dira”. Hilabete horretan, 26 pertsona atxilotu zituzten ekintzaileen aurkako polizia jazarpenean.
2022an sortu zenetik, Futuro Vegetak salaketa ekintzak egin ditu, ikusgarritasun handikoak. Joan den udan luxua seinalatzeko ekintzak egin zituen Eivissan. Yate eta hegazkin pribatuak pinturaz busti zituzten desberdintasunaren inpaktu klimatikoa salatzeko. Espainiako Estatuko beste toki batzuetan, errepideak aldi baterako eten dituzte, museoetan sartu dira edo hornidura merkatuen aurkako seinalatze ekintzak egin dituzte. Dena kalte pertsonalik gabe, kideek adierazi bezala.