La Sirena irekitzeko eskatu diote udalari
“Izozte arriskurik” ez zegoen arren, egundoko hotza egin zuen atzo. Ikusi besterik ez zegoen, kaletik txanoz eta bufandaz jantzita zihoan herritarren kopurua. Donostiako Udalaren protokoloaren arabera, ordea, ez da nahikoa La Sirena aterpetxea zabaltzeko, eta horren kontra protesta egin zuten dozenaka herritarrek. Bertan izan ziren, baita ere, kale egoeran dauden hainbat herritar.
Protesta hasi bezain laster, Udaltzaingoak protesta gelditu, eta errepidea ezin zutela oztopatu argudiatu zien, orain arte egin diren protesten kontra, eta horretarako baimena zuten arren. Manifestarien eta poliziaren arteko eztabaida izan zen, bestelako protestekin alderatuta, berdin jokatzen ez dutela argudiatuta. Azkenean, espaloian egin zuten elkarretaratzea, bertan bildutako 200 bat lagunek.
Hiritarron Harrera Sareak salatu zuenez, udalak “ongietorria” egiten die turistei, baina “lanera etorri”, eta “horretarako laguntzak behar dituzten” herritarrekin “ez da horren abegikorra”. Nabarmendu dutenez, udalak baditut nahikoa baliabide kale egoeran dauden herritarrak artatzeko, eta urte osoan ez bada, gutxienez negu osoan zehar La Sirena aterpetxea irekitzeko eskatu diote.
“Borondate politiko falta” aurpegiratu diote Eneko Goiaren udal gobernuari, eta Iruñea jarri dute adibide gisa. Gogoratu dutenez, Joseba Asiron alkate izendatu zutenetik, ez du inork kalean lo egin, eta “alternatibak bilatu dira”.
Donostiako Udalak, aurten indartu egin du La Sirena aterpetxearekin eman asmo duen zerbitzua, eta 100 lagunentzako lekua du bertan, negualdi osorako –orain arte, aterpetxea irekita mantentzen zen, eta plazak horren araberakoak ziren–. Ordea, protokoloa aldatu ez denez, soilik izozte arriskua dagoen gauetan irekitzea aurreikusten da.Azaroan hasi zen aurtengo zerbitzu gehigarria, eta oraindik ez da gau bakar batean zabaldu.