EH Bilduk Martuteneri buruzko hiru interpelazio aurkeztuko ditu biharko batzordeetan
Auzoko eragile, enpresa eta herritarrekin hitz egin ostean, kezkak mahai gaineratuko dituzte udaleko batzordeetan.
Iazko abenduaren 1ean Martutenen abiatu zuen EH Bilduk Plazatik dinamika, auzoetako eragile, enpresa eta herritarrekin hitz egin, eta landutako edukia udal eztabaidara bideratzeko. Hala, Martuteneko lehen bilkuran jasotako behar, gabezi eta kezkak bilduta, koalizio abertzaleak hiru interpelazio defendatuko ditu biharko batzarretan, Udal Gobernuak auzoaren funtsezko gaiei buruzko azalpenak eman ditzan.
Lehenengoa, Pilarreko Andre Mariaren, Tranbiaren eta Martuteneko pasealekuaren kaleetatik datorren trafikoa kudeatzen duen biribilgunearen proiektuari buruzkoa izango da. Obra eta Zerbitzu Publikoen Batzordean,”egungo trazadurak dakarren arriskua” eta Arantzazuko Ama ikastolaren aurrean jazotako istripuak” sortzen dute kezka mahai gaineratuko dute.
Eh Bilduk adierazi duenez, “zebra bideei buruz hitz egitea komeni da, izan ere, biribilgunetik gertu, espaloira beharrean, aparkaleku batera bideratuta dagoen bat irudikatzen da”. Era berean, egungo errepideak ikastolaren inguruan sortzen duen arriskua saihesteko, Tranbia bidetik bideratzea posible ote den galdetuko du batzordean.
Industriaguneko beharrak
Bigarren eta hirugarren interpelazioak 27. poligonoari buruzkoak dira. Izagirreren taldekideek azaldu dutenez, industria eremu horretako Ubarburu pasealekuan partzela bat ez da erabiltzen, eta horren arrazoien inguruan galdetuko dute Lurraldearen Garapen eta Plangintza Batzordean. Azaldu dutenez, APEMIrekin —Martuteneko 27. Poligonoko Jabeen eta Erabiltzaileen Elkartea— bildu ostean, industria guneak urbanizazio gabezia nabarmenak dituela egiaztatu dute, baita aparkaleku falta dagoela ere. Hartara, industria gunea urbanizatzea ahalbidetuko duen neurri sorta egitea ezinbestekoa da koalizio abertzalearen iritziz, espaloiak eta bidegorriak bezalako azpiegiturekin, besteak beste.
Era berean, Gune Publikoen Batzordean, Astigarragatik 27. poligonorako sarbidea aztertuko dute. 2022ko ekainean industriagunea AP-1 autobidearekin eta Urumeako autobiarekin zuzenean lotzeko sortu zen. EH Bilduk jasotakoaren arabera, baina, oso erabilera eskasa du egun eta GI-40 errepideari lotutako biribilgune nagusiak pilatuta jarraitzen du egunero.