Txillardegi omendu dute, bere heriotzaren hamabigarren urteurrenean
Euskaltzalearen ekarpena nabamendu eta Udal Liburutegia 'Txillardegiren izenean jartzeko' eskatu dute omenaldian.
Gaur hamabi urte, 2012ko urtarrilaren 12an, zendu zen Jose Luis Alvarez Enparantza, ‘Txillardegi’. Geroztik, senide, lagun eta euskaltzaleek bat egiten dute urtero-urtero Antiguako Gaskonia plazan, donostiar hizkuntzalari, politikari eta idazlea omentzeko. Hala egin dute gaur ere, ehunka lagunek bildu baitira euskaltzalearen ekarpena nabarmendu, eta erakundeen aldetik merezi duen aitortza aldarrikatzeko.
Eta non Txillardegik non du liburutegia? galderaren pankarta baten aurrean egin dute aurtengo ekitaldia, hamabi urteren ostean, Donostiako Udal Liburutegia bere izenean jartzeko itxaroten jarraitzen dutela salatzeko. “Esperantza bagenuen aurreko urteetako hainbat gertakari medio hamargarren urteurrenean posible izango zela, eta udalak Txillardegik merezi duen aitortza egingo zuela. Baina, zoritxarrez, guztiok dakigu ezinezkoa izan zela beste behin”, azaldu dute Txillardegi udal liburutegia ekimeneko ordezkariek.
Ekitaldian, Kike Amonarrizek hartu du hitza Txillardegi “nola sentitu” zuen azaltzeko. Lehen lerroko “Jose Luis militantea” bizitza osoan erreferente izateaz gain, euskal filologia ikasten zebilen garaian pertsonalki ezagutu baitzuen: “Gure irakasle gertuenetako bat izan zen. Barruan zuen indarra eta bizitzeko indar hori ere transmititu zigun”. Atzera begira egin du, halaber, bizitza osoan zehar soziolinguistika arloan egindako ekarpen handia nabarmendu eta behar bezalako omenaldia aldarrikatzeko: “Uste dut bide horretan Txillardegik eman diguna hainbestekoa dela, aitortza publiko hori nabarmenagoa izatea salagarria ere badela”.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteko Intza Gurrutxagak ere hartu du hitza, lau hamarkadako elkarteak izan dituen aldaketak eta aurrerapausoak azaltzeko: “Helburuak tamalez bere horretan jarraitzen du: hain zuzen, Euskal Herria berreuskalduntzea”. Edonola ere, denbora tarte horretan, Txillardegik eta gainerako euskaltzaleek egindako lana goraipatu du, eta bat egin du udal liburutegiaren izena aldatzeko eskaerarekin.
Gaskonia plazan, hizlariekin tartekatu dira musika eta dantza. Peru Aiartzak bertsoak eskaini dizkio euskaltzaleari, eta Janitz Enparantza txistulariak eta Natale Bueno dantzariak egin dute ohorezko aurreskua eta lore eskaintza. Era berean, urteroko legez, txilar landareak landatu dituzte, eta kantuan bukatu dute omenaldia, Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek herri ekimenarentzat sortutako bertsoarekin.
Euskararen oldarraldia
Amonarrizek eta Gurrutxagak euskararen oldarraldia ekarri dute hizpidera hitza hartzerako orduan. “Gogoan izan behar dugu euskararen historia etengabeko oldarraldi judizial baten historia dela; intentsitatez eta formaz aldatu izan dena garaiaren arabera”. Nolanahi ere, azken aldi honetako oldarraldi honek “ezaugarri berezi batzuk hartu” dituela azaldu du , aurrerapausoak oztopatzen dituzten horiek euskara “bigarren mailako hizkuntzatzat tratatzeko helburua dutela” baieztatuta. Horren aurrean, indarrak batu eta aktibazio soziala bultzatzeko mezua helarazi du Amonarrizek.
Antzeko mintzatu da Gurrutxaga ere. Bere hitzetan , “azken aldian epaitegietatik datorren eraso jasa muturreraino iristen ari da”. Era berean, azaldu du eraso horiek ez dituztela “isolatu moduan ulertzen, estrategia edo egiteko modu baten ondorio baizik”. Dena den, oldarraldia judiziala ez ezik, politikoa eta mediatikoa ere badela ziurtatu du, eta besteak beste, hezkuntza sistemak “haur asko utzi baititu euskaldundu gabe”.
Jarraian omenaldiko irudi sorta: