Iñaki Beobide kulturgilea hil da, Jarrai antzerki taldearen eta Herri Gogoaren sortzailea
Iñaki Beobide euskaltzale eta kulturgile ezaguna hil da igandean (Zumaia, 1934-Lezo, 2024), hainbat urteko gaixotasunaren ostean. Bizitzaren gehiengoa Donostian egin zuen kulturgileak, eta, ezaguna da, besteak beste, Jarrai antzerki taldeko zuzendaria izateagatik, Herri Gogoa diskoetxea sortzeagatik eta EITB sortzeko lanetan egoteagatik. Liburugintzan eta komikigintzan izan zen lanean baita ere, eta euskaltzain urgazlea da 1964tik, beti ideia berarekin: “Euskara, euskara eta euskara”.
Jarrai antzerki taldea
Frankismoko urteetan, baldintza zailetan, Donostiako Aurrera jatetxearen azpikoetan elkartzen ziren Jarraiko kideak entseatzeko. Besteak beste, zendu berria den Arantxa Gurmendi, Ramon Saizarbitoria, Txaro Arteaga, Xabier Lete, Axen Egaña, Rikardo Ugarte, Xabier Goenaga, Mertxe Uranga eta Mikel Forkada izan ziren taldeko kide. Hamar urteko ibilbidean hogei antzezlan taularatu zituen.
Beobideren zuzendaritzapean, Jarraik hainbat berrikuntza ekarri zizkion euskal antzerkigintzari. Batetik, lantzen ziren gaiekiko haustura ekarri zuen. Nekazari giroko eguneroko gaiak nagusi zirenean, “euskal eszena gaurkotzeko kezkak bultzatuta”, orduko gizartearen isla izan zitezkeen gai eta gatazkak taularatu zituen taldeak, eta “antzerki unibertsalagoa eta kritika eduki nabarmenagoa” zuena landu zuen.
Halaber, itzulpenaren bidea ireki, eta atzerriko antzerkigile ezagunen lan ugari antzeztu zituen, euskal egileenak baztertu gabe betiere, Gabriel Aresti, Piarres Larzabal eta Monzonenak, besteak beste. Hizkuntzarekiko kezkak bultzatuta, berriz, euskara batuaren alde apustu egin zuen.
Herri Gogoa
Kartzelan izan zen hainbat hilabetez, eta irtetean, Gros auzoan Herri Gogoa diskoetxea (1967-1981) sortu zuen Beobidek Axen Egaña emazte ohiarekin batera, Pako Mingolarraren mezenasgoarekin. Diskoetxe honek euskal kulturan benetako iraultza bat suposatu zuen, eta bertan argitaratu zituzten Euskal Kantagintza Berriaren klasikorik handienak. Mikel Laboak, Benito Lertxundik, Lourdes Iriondok, Xabier Letek eta Antton Valverdek, besteak beste, diskoak grabatu zituzten Groseko estudio erdi klandestino hartan.
Herri kantuei eta kantugintza modernoari bide eman zioten baita ere, eta, besteak beste, berriki Elkarrek berriz argitaratu duen Akelarre sorta jazz-funk diskoa eta Amaia Zubiriaren eta Pascal Gaigneren Egun argi hartan lanak kaleratu zituzten; baita Xalbador eta Mattin bertsolarien saioak ere, eta hainbat eskualdeko instrumentu tradizionalekin osatutako Herrikoi Sorta, txistu, dultzaina eta abarrekin.
Herri Gogoaren bilduma oso estimatua da egun bildumagileen artean, eta diskoetxeko hainbat disko 300-500 euro artean saltzen dira bigarren eskuko merkatu espezializatuan. Edonola ere, frankismoko zentsura zela eta, ez zen inoiz legalizatu Herri Gogoa, eta Kataluniako EDIGSArekin batera argitaratu zuten lan guztia, Edigsa-HG izenarekin.
ETB eta Argizaiola
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura batzordean zegoela, Telenorte-ren bidez telebista gipuzkoarra egiteko helburuz aritu ziren lanean. “Traba asko” jarri zizkietela kontatu zuen Beobidek elkarrizketa batean, eta Eusko Jaurlaritza sortu zenean, “EAE guztirako zerbait egitea” adostu zutela: “1981. urtean, euskal irrati eta telebistako eskola jarri genuen Prim kaleko hirugarren zenbakian. Europako zenbait herri bisitatu genituen modelo ezberdinak ikasteko eta Lakuan muntatu genuen beste kazetari eskola bat. Egoitza nagusia Iurretan kokatu eta lehen emisioa 1982. urteko abenduaren 31n egin zen kamioi batean instalatutako unitate ibiltari batetik”.
Ekoizle lanak egin zituenez gero, ez da bereziki ezaguna publikoarentzat, baina 1960-1990 artean egindako lana balioan jartzen dute kulturgile guztiek. 2011n Durangoko Azokak Argizaiola Saria eman zion, euskal kulturan izandako garrantziarengatik.