EH Bilduk salatu duenez, udalak ez du oraindik «ezer egin» hiria tentsio handiko eremu izendatzeko
Donostiako Udal Gobernuak oraindik ez ditu izapide eraginkorrak hasi hiri osoa etxebizitzari dagokionez tentsio handiko eremu izendatzeko, EH Bilduk ohartarazi duenez. Asteleheneko Lurralde Garapen eta Plangintza Batzordearen egindako interpelazioan “baieztatu” zuen koalizioak, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziari egindako galderaren ostean.
Azaldu dutenez, bi aldiz eraman du auzia koalizioak udalbatzara, eta bietan onartu dira ekimenak. “Eta hala ere, Udal Gobernu honek ez du ezer egin, Udalbatzan gehiengoz onartu arren, eta hirian etxebizitzarekin ditugun arazoak larriak izan arren”, salatu dutenez.
Ricardo Burutaran zinegotziaren hitzetan, “tentsio handiko hiriaren eskaera ofizialki aurkezteko merkatuaren egoeraren diagnostikoa egin behar da, Legean ezarritako baldintzak betetzen direla zehazteko”. Horrekin batera, azalpen memoria eta hiru urteko jarduera lana aurkeztu behar dira. “Udal Gobernuak baieztatu digu hiru dokumentu horietako bakar bat ere ez dela idatzi. Are gehiago, ez digu esan erredakzio- fasean daudenik, ezta laster idazteko enkargatuko denik ere”, gaineratu du batzordearen amaieran Burutaranek.
EH Bilduk gaineratu duenez, datorren hilaren 25eko udalbatzara kontrol-mozio bat eramango du koalizioak. “Mozio horren helburua da Udal honen Osoko Bilkuraren gehiengo zabal batek bi aldiz hartutako erabakia gauzatzea, hau da, hiria etxebizitzarako tenkatutako eremu izendatzeko eskaera ofiziala egitea, beharrezko eta bidezko dokumentazioa erantsiz”.