Loiolatarra elkarteak jasoko du San Sebastian eguneko bandera
Ostiral gauean Plaza Berriko udaletxe zaharreko balkoian Eneko Goia alkateak igoko duen banderak badu jabea: Loiolatarra elkartea. Astearte goizean alkateak eta Jon Insausti Kultura zinegotziak helduen danborrada aurkezteko emandako prentsaurrekoan eman dute horren berri, eta nabarmendu dute elkarte hori omenduko dutela aurten 100 urte beteko dituelako.
Donostiako Udala 2020an hasi zen San Sebastian egunean udaletxe zaharreko balkoian zintzilik egoten den bandera hiriko eragile bati ematen, omenaldi edo aitortza modura. Horrela, 2020an Union Artesanak jaso zuen bandera, bere 150. urteurrenarengatik; 2021ean, Osakidetzari eman zioten pandemian egindako lanarengatik; 2022an, ez zen jairik ospatu eta, 2023an, Intxaurrondoko Artzak Ortzeok elkarteari eman zioten bandera, bere mendeurrenarengatik.
Aurten 25 urte beteko dira bandera igoeran estreinakoz emakumeak eta auzoetako danborradetako ordezkariak egon zirenetik, eta alkateak gogorarazi du Loiolatarra izan zela bandera igoera hartan egon zen konpainietako bat: “Duela 25 urte han egon ziren, eta, gainera, aurten 100 urte beteko dituzte. 100 urteko ibilbide batek nahikoa arrazoi ematen du omenaldi hau egiteko. Egitasmo gehiago dituzte mendeurrena ospatzeko, eta bandera emateak urtea ondo hasteko balio izatea espero dugu”.