Verdini dantza taldeak 30.urteurrena ospatuko du Viktoria Eugenian
Urrezko Danborra jasoko duen dantzariak igandean, 19:00etan, emanaldi bat eskainiko du bere dantza taldearekin, "emozioz, mugimenduz eta ilusioz beteriko ikuskizuna" eskainiz.
Aurtengo Urrezko Danborra jasoko du Isabel Verdini dantzariak, eta igande honetan bertan Verdini dantza taldeak 30.urteurrena ospatuko du Viktoria Eugenian, arratsaldeko zazpietan. Gure aztarna, gure oihua deituriko ikuskizunak ordu eta laurden inguru iraungo du, eta sarrera 10 euroan lortu daiteke.
30 urte hauek ospatzeko ekitaldian telebistan atera zireneko momentuak proiektatuko dituzte, baita Got Talent saioko gala ere, eta zuzeneko dantza ere egongo da. Ikuskizuna emozioz beterikoa izatea espero da. “Oso eskertua nago 30 urte hauetan irakatsi didaten guztiarengatik”, azaldu zuen dantzariak astekari honek aurreko astean egin zion elkarrizketan. Verdinik bere dantza ikasleak “pertsona zoragarriak” direla eta “beti berarekin” egongo direla ziurtatu du, proiektua bere “bizitza eta pasioa” delako eta “dantzariak horren parte” direlako.
Dantza eta bestelakoak
Gainera, 30 urte hauetan Verdini proiektuak momentu desberdinak bizi izan ditu. Down sindromea duten pertsonekin lan egiteagatik “zoratuta” zegoela entzun behar izan zuen dantzariak. Baina aurrera jarraitu, dantzarekin hasi eta egun batean modeloak izango zirela amestu zuen Verdinik. Duela lau urtetik Alex Vallejo bitxigile donostiarraren modeloak dira dantzariak, eta Gipuzkoa de Moda jaialdian parte hartzen dute.
Horrez gain, Got Talent eta The Dancer telebista programetan parte hartu dute, eta orain Urrezko Danborra jasoko dute. Isabel Verdinik elkarrizketan pozez esan zuen bezala, “ez dakit zer gehiago dagoen egiteke, ez bada Ilargira joan eta dantza bertan egitea”. Urrezko Danborraren harira egindako elkarrizketa osoa hemen ikus dezakezue.