Danbor eta upel kolpeak Aspace elkartearen omenez
Antiguoko K.E. danborradak balio berezia eman nahi izan dio garun paralisia duten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetzeko konpromisoa erakutsi duen erakundeari.
Antiguoko K.E. danborradak balio berezia eman nahi izan dio aurtengo San Sebastian egunean Aspace elkarteari. Omenaldia larunbateko 18:00ak aldera izango da, Antiguako Bentaberri plazan jarriko duten oholtzan. Elkarteak gizartea bertara gerturatzeko, eta “une paregabe hau ez galtzeko” deialdia egin du.
Goienetxetik, hainbat pertsona jaitsiko dira omenaldian parte hartzeko, eta bertan elkarteko arduradunei plaka eta lore sorta emango zaizkie, eta haien omenez abesti batzuk joko dituzte. Aspaceko kideak gonbidatuko dituzte, baita ere, Aspaldiko tabernara iritsi arte egingo duten ibilbidearen zati batean laguntzera.
Gaur egun, Antiguoko K.E. danborradak 160 parte-hartzaile inguru ditu hiriko egun handian, eta azpimarratzekoa da urtero auzoko pertsona edo erakundeak omentzen direla auzoaren alde egindako lanagatik.
Antiguoko K.E. danborradak ohar baten bitartez adierazi duen moduan, Aspace “irisgarritasunaren eta aniztasunaren alde egin duen funtsezko zutabea izan da beti”. Horregatik, danbor eta upel kolpe bakoitzak gizarteak “mundu inklusiboago bat eraikitzeko” balio izango duela helarazi du.