EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako zinegotziek agerraldi bateratua egin dute La Sirenaren irekiera eskatuz
Izar Hernando eta Arantza Gonzalez zinegotziek proposamenaren xehetasunak eman dituzte eta Udal Gobernuari "premiazkoak" ikusten dituzten aldaketak aktibatzeko eskatu diote.
“La Sirena aterpetxea irekitzeko zerbitzua eta langileak prest daude. Zeren zain dago Udal Gobernua?”, ohartarazi dute EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako zinegotziek, gaur goizean, Donostiako udaletxean, egin duten agerraldi bateratu batean. Izar Hernandok eta Arantza Gonzalezek proposamenaren xehetasunak eman dituzte eta ekintzak eskatzen dituzte, “begirada aldaketa bat”, hain zuzen ere. Kontrol mozio bateratua aurkeztuko dutela eta urtarrilaren Udalbatzara eramango dutela jakinarazi dute; izan ere, egunak aurrera doaz eta La Sirenako aterpetxeak itxita jarraitzen du, Udal Gobernuak “gauzak beste era batera egiteko borondate politikorik gabe jarraitzen duelako” adierazi dute Hernandok eta Gonzalezek.
Eusko Jaurlaritzak Etxerik Gabeko Pertsonen VI. Txostenaren datuen arabera, Donostian gauak kalean igarotzen dituzte 300 pertsonatik gora eta %81 igo dira kasuak sei urtean, joera goranzkoa dela. Gizarte Ekintzako zinegotziak batzorde batean aitortu zuenez, 2022an, Donostian, etxebizitza bazterkerian aurkitzen ziren 17 pertsona hil ziren.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak gobernu taldeari “funtsezko” aldaketak egiteko eskatu diote: La Sirena zabalik egon dadila negu osoan etenik gabe eta ordutegia luzatzea eta 20:30etik 08:30era erabilgarri egotea, gainerako udal aterpetxeek egiten duten moduan.
Halaber, “San Sebastian egunean kalean lo egitera behartuta dagoen jendea egongo da hiriak bere egun handia ospatzen duen bitartean”, gogorarazi dute zinegotziek.